Ekoizle bat, iazko urriko azken asteleheneko azokan
Urriko lehenengo eta azken astelehenetako azoketan saltokia edo erakusmahaia jarri duten lehen sektoreko profesionalek zabalik daukate dagoeneko eskabideak aurkezteko epea. Gernika-Lumoko Udalak zehaztu duenez, interesa duten ekoizleek Bizkaiko Foru Aldundiko ustiategien erregistroan alta emanda egon beharko dute. Bizkaikoak ez direnen kasuan, “eurei dagokien udalerriaz gaindiko erakundearen gonbidapena jaso beharko dute, eta honek, bere aldetik, antolatzaileen gonbita izan beharko du lehenagotik ere”.
Izena emateko orriak udaletxean eta udalaren webgunean (
www.gernika-lumo.net) lor daitezke. Urriko Lehen Astelehenaren kasuan, hilaren 27ra arteko epea daukate ekoizleek. Urriko Azken Astelehenerako eskabideak, berriz, urriaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira.
Behin eskabide orria beteta, postaz bidali beharko da ondorengo helbidera: Gernika-Lumoko Udala, Foru plaza, 3, 48.300 Gernika-Lumo. Faxez (94-625 75 42) edo posta elektronikoz (
zerbitzuak@gernika-lumo.net) igortzeko aukera ere badago.