Jose Mari Gorroño alkatea, aurtengo Gernika Sarietan
Gernika Sarien harira epailearen aurrean deklaratu beharko duela eta, EH Bilduk ez ezik, Udalbiltzak ere bere babesa agertuko dio bihar Gernika-Lumoko alkateari. Erakundeak jakinarazi duenez, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidentea eta Iratxe Lopez de Aberasturi presidenteordea joango dira Gernika-Lumora, Gorroñori babesa ematera. 11:00etan deklaratuko du alkateak, eta EAko ordezkaritza bat –Pello Urizar, tartean– eta EH Bilduko kideak ere izango ondoan.
Terrorismoa goratzea leporatuta auzipetu dute Gorroño, Dignidad y Justiciak bonbardaketaren 76. urteurreneko Gernika Sarietako bat Arnaldo Otegiri eman izanagatik salaketa bat jarri ondoren. Elkarte horren arabera, ETA erakundeko kide izateagatik dago espetxeratuta Otegi, eta, dioenez, ezker abertzaleko politikariari sari bat ematea terrorismoa goratzea da. Maiatzean jarritako salaketa hura aintzat hartuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak uztailean erabaki zuen Gernika-Lumoko alkatea auzipetzea.
Dignidad y Justicia elkartearen eta Santiago Pedraz epailearen jokabidea gaitzetsi ditu Udalbiltzak, “bakeari egindako ekarpena saritzeagatik auzibidean jarri dutelako Gorroño”. Halaber, “Euskal Herriak bakea eta normalizazio politikoa behar” dituela dio erakundeak, “elkarrizketaren bidea jorratuta”. Hari beretik, “Euskal Herriak nazio gisa garatzeko bide propioa izan behar duela” aldarrikatu du, “subjektu gisa arituz euskal egiturak sortuz eta indartuz”.