Joan den denboraldiko estutasun ekonomikoak albo batera utzita, basurdeek mailari eusteko helburuagaz ekingo diote 2013-2014 ligari. Joseba Olaeta Bizkaia Gernikako kideak azaldu duenez, «talde errealistago bat osatu dugu, geneukan dirua baino gehiago gastatu barik». Hala, harrobiko jokalariek ardura gehiago izango dute, zapatuan hasiko den errugbi denboraldian. Hain zuzen atzerriko sei jokalari fitxatu dituzte basurdeek: Nicolas Martinez (Argentina), Federico Casteglioni (Argentina), Tom Lathan (Zelanda Berria), Mike Newell (Zelanda Berria), Matthew Foulds (Ingalaterra) eta Mua Sala (Samoa). Esperientziadun jokalari horiek eta harrobiko jokalariak batuz, «talde orekatua eta borrokalaria» osatu dutela deritzo Olaetak.
Basurdeek «ilusioz gainezka» ekingo diote ligari, baina argi dute helburua: «mailari eustea da lehentasuna». Olaetak dioenez, «mailaz bajatuz gero, Bizkaia Gernikaren proiektua hilzorian egongo litzateke». Mailari eutsiz gero, bestalde, Bizkaia Gernikak «hutsetik hasteko aukera» izango luke barriro ere, taldearen oinarriak sendotuz.
Olaetaren berbetan, «etxekoen aldeko apustua» egin dute. Maila gorenean esperientzia gutxi izan arren, harrobiko jokalari gazteek lan ona egin dezaketela deritzo Bizkaia Gernikako kideak.
Inguruko jokalariekin jokatzeak, gainera, taldeari mesede egingo diola uste du Olaetak. «Zaleak eta errugbi taldea berradiskidetzeko lehen pausoa izango da». Izan ere, Gernika-Lumoko zaleek hainbatetan eskatu dute bertoko jokalariek gehiago parte hartzea. Harrobiko jokalariei goi mailan jokatzeko aukera emonda, Urbietako zelaian zale gehiago batzea espero du taldeak.
Lehena Bathcoren kontra
Ligako lehen partida Bathco talde igoberriaren kontra jokatuko du Bizkaia Gernikak, bihar, 17:00etan. Basurdeek, gainera, Urbietan jokatuko dute denboraldi ofizialeko lehen neurketa. Olaetak azaldu duenez, «liga etxean hastea abantaila bat da, baina ezin gara fidatu.
Olaetak azaldu duenez, «zalegoari poztasun bat emon gura diogu, baina kontu handia izan behar dugu». Bathco talde igoberria izan arren, fitxaketa asko egin ditu. Hala, garaipena garesti salduko dutela deritzote basurdeek. Puntuak Urbietan gera daitezen, Olaetak zaleen laguntza eskatu du. «Inoiz baino gehiago, zelaia jendez gainezka egotea behar dugu».
Bizkaia Gernikaren jokalarien zerrenda
Borja Mandaluniz. Harroina
Nicolas Martinez (Argentina). Harroina
Iñigo Guenetxea. Harroina
Ibai Amillategi. Harroina
Unai Lasa. Horpokatzailea
Nicola Bilbao. Horpokatzailea
Julen Ibarguengoitia. Horpokatzailea
Markel Aranberri. Bigarren lerroa
Oscar Astarloa. Bigarren lerroa
Beñat Arrulucea. Hirugarren lerroa
Matthew Foulds (Ingalaterra). Hirugarren lerroa
Iñaki Ortiz. Hirugarren lerroa
Jon Magunazelaia. Hirugarren lerroa
Mua Sala (Samoa). Hirugarren lerroa
Eneko Zabala. Hirugarren lerroa
Iker Inuciaga. Hirugarren lerroa
Jon Bilbao. Hirugarren lerroa
Iñigo Loroño. Hirugarren lerroa
Asier del Bosque. Erdiko melea
Iker Olaeta. Zabaltzailea
Asier Latorre. Erdilaria
Iñigo Olaeta. Erdilaria eta hegalekoa
Xabier Etxaniz. Hegalekoa
Ibon Aguirre. Hegalekoa
Mohammed Es Saheh. Hegalekoa
Erik Urionabarrenetxea. Hegalekoa
Abdelafattah Es Sahed. Hegalekoa
Jon Urkijo. Hegalekoa
Patricio Long (Argentina). Utility Back
Federico Casteglioni (Argentina). Utility Back
Tom Lathan (Zelanda Berria). Utility Back
Nike Newell (Zelanda Berria). Utility Back
Peter Borlase (Zelanda Berria). Entrenatzailea