Eskaintza zabala dakar beste behin ere Euskal Herria Museoak 2013-2014 ikasturterako
Tailerrak, bisita gidatuak, hitzaldiak, ipuin kontalariak, kontzertuak…mota eta adin guztietako taldeentzako aukerak prestatu ditu Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak 2013-2014. ikasturterako. Guztietarako derrigorrezkoa izango da aurretiaz izena ematea 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta.
Urrian hasi eta ekainera bitartean, ikastetxeei zuzendutako hainbat tailer antolatu dituzte. Adin tarteka banatuta, lau dira ikastetxeek aukeran dituzten tailerrak. 30 ikaslek parte har dezakete saio bakoitzean eta goizeko ordutegia izango dute. Familiek ere, zapaturo, 17:00etatik 18:30etara, doako tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Bestalde, aurreko ikasturteetan egin legez, umeen opor sasoietarako ere tailerrak antolatuko dituzte, hala ere, horietarako egitaraua oraindik ez dute zehaztu.
Euskal Herria Museoa ezagutu gura duten horientzako bisita gidatuak ere egingo dituzte. Gidari bakoitzarekin 20 bisitari joan daitezke eta euskaraz eta gazteleraz egin ahalko dira. Bisita bereziak egitea ere aurreikusten dute. Hala, Euskal Herriko Foruen esanahia ulertzeko Batzar-etxearekin batera bisitak antolatuko dituzte, ikusmen murriztua duten pertsonei egokitutako bisitak eskainiko dituzte, eta antzeztutako bisitak ere izango dira ikasturtean zehar.
Bestelako hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Nahiz eta ikasturtean zehar gehiago egingo dituzten, urriaren 2rako hitzaldi bat antolatu dute. Xabier Saez de Gorbeak, azken Gernikak erakusketako komisarioak, Los ultimos Gernika Vascos hitzaldia emango du, 19:30ean. Aurretiaz, irailaren 22an, domekan, 12:00etan, Bego Alabazan ariko da ipuinak kontatzen.