Leizaola, Bideguren eta Zabalondo Bermeoko banderarekin
2013ko San Miguel Liga azkenera heltzen ari da,
azken asteburua izango baitu oraingoa. Domekan amaituko da liga, Portugaleten, baina aurretik, zapatu arratsaldean, Busturialdeko uretan ariko dira traineruak,
Bermeo Hiriko XXXI. ikurrina izango baitute jokoan.
Beste behin ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako giroaren baitan jokatuko da denboraldiko 18. estropada puntuagarria, eta, Kontxako banderarekin joan den domekan
Donostian gertatutakoa dela-eta “oso minduta eta etsita” dauden arren,
Urdaibaik etxean irabazteko ahaleginak egingo dituela azaldu du Bermeo-Urdaibai Arraun Elkarteko presidente Josu Zabalondok. Halaber, zapatuko estropadan
“errespetua” eta “bakea” nagusitu daitezela eskatu du: “Herritarrei eskatu nahi diet taldea animatzera joan daitezela, eta utz ditzatela alde batera probokazioak”.
Atzo goizean egin zuten Bermeoko jokatuko den estropadaren aurkezpena eta bertan izan ziren, besteak beste, Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol eta Gazteria Saileko zuzendaria, Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta Josu Zabalondo bera. Domekan Donostiako uretan gertatutakoa ekarri zuen gogora Zabalondok, taldeak bandera bat falta duela aipatuta:
“Uretan irabazi genuen bandera, lehorrean kendu ziguten”, gogorarazi zuen. Modu horretan, taldea osotasunean “minduta eta etsita” dagoela azaldu zuen, baina etxeko bandera irabazten saiatuko direla iragarriz: “Egun gogorrak izaten ari dira guztiontzat, baina batez ere arraunlarientzat”. Hala, arraunlariei animoak emateko deia luzatu die herritarrei.
18:00etan hasiko da estropada. Ordu horretan, igoera-jaitsiera kanporaketaren lehenengo estropadarekin hasiko dira, eta Zumaia, Zierbena, Lekittarra, Samertolameu Meira eta Cabo da Cruz izango dira lehian. Bost ontziek erlojupekoan egingo dute arraun, eta kale beretik abiatuko dira, minutu bateko tartearekin.
Ondoren, Bermeo Hiriko XXXI. ikurrina lortzeko lehian ariko dira Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Portugalete eta Tiran, lehenengo txandan. Horien ostean, barriz, Urdaibairen, Hondarribiaren, Kaikuren eta Orioren txanda izango da.
Sailkapena:
1 |
Kaiku Ambilamp |
181 |
2 |
Urdaibai Umpro Avia |
166 |
3 |
Orio Babyauto |
163 |
4 |
Hondarribia Orsa |
140 |
5 |
Tirán Pereira |
125 |
6 |
Portugalete Eulen |
119 |
7 |
San Juan Iberdrola |
116 |
8 |
San Pedro Ecolmare |
108 |
9 |
Astillero |
96 |
10 |
Pedreña |
47 |
11 |
Zumaia |
37 |
12 |
Castreña |
28 |