Bermeoko San Martin auzoko eraikin polemikoa
Uztailaren amaieran Berualak San Martineko etxebizitzen auzia epaitegietara eroatea erabaki ondoren, gaur goizean deklaratu du Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohiak Gernika-Lumoko epaitegian. Joan den legealdian Berualaren kudeaketan prebarikazio delitua eta delitu sozietarioa egon daitezkeela iritzita eroan dute auzia epaitegietara. Legarretaren abokatu Adolfo Saenzen arabera, gaurko saioan “argi geratu da San Martineko Babes Ofizialeko 38 etxebizitzen eraikina egiteko lizentzia bazegoela. Are gehiago, emandako lizentziak udalaren bulego teknikoaren txostenak errespetatzen dituela”.
Juan Karlos Goienetxea Hirigintza zinegotzi eta Berualako Administrazio Kontseiluko kontseilari delegatuaren arabera, “gauzak argitzea” da egungo udal gobernuaren helburua. “Hori egiteko modurik zuzenena epaileengana jotzea dela uste dugu”, esan zuen Goienetxeak bere garaian.
Legarretak bezala, Iñigo Imatz orduko Hirigintza zinegotziak eta Josu Azaola Berualako kudeatzaile ohiak ere deklaratu zuten atzo. Defentsaren abokatuak azaldu legez, “oso ondo zehaztutako deklarazioak” egin zituzten hirurek. “Arau subsidiarioak zehazten dituenaren aurkako lizentzia bat emateagatik prebarikazio delitu bat egotzi diete, eta penagarria da inputatuek aurkeztu behar izatea lizentzia hori, akusazioak aurkeztu behar duenean”, esan du Saenzek. Hortaz, lizentzia aurkezteaz gain, lizentzia horrek oinarri modura dituen txostenak ere aurkeztu dituztela azaldu du. Aurkeztutakoarekin prebarikazio deliturik ez zela egon froga daitekeela dio abokatuak.
Bestalde, ustezko delitu sozietarioari dagokionez, defentsaren abokatuak esan du ez dagoela Berualaren hondamen teknikoa frogatzen duen kontabilitate-txostenik.