Jose Mari Gorroño Jesus Egigurenen alabagaz Gernika Sarien banaketa ekitaldian
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak barikuan deklaratuko du Gernika Sarien auziaren harira. Hain zuzen, alkateak Gernika-Lumoko epaitegian eman beharko ditu azalpenak, 11:00ak aldera. EH Bilduk ordezkaritza bat bidaliko du Gorroñori babesa adierazteko.
Dignidad y Justicia elkarteak jarritako salaketa baten harira deklaratu beharko du Alkateak, terrorismoa goratzea leporatuta. Apirilaren 26an, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak eta Jesus Egiguren PSE-EEko kideak bakearen eta elkarbizitzaren aldeko Gernika Saria jaso zuten. Dignidad y Justiciaren ustez, Otegiri saria emonda udalak legea hautsi zuen. Otegi ETA talde armatuko kide izateagatik kartzelan egon arren, elgoibartarra “saritzea, goratzea eta omentzea” erabaki zuen udalak, elkartekoen berbetan.
Dignidad y Justiciaren salaketa aztertu ostean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak bertoko alkatea auzipetzea erabaki zuen, joan den uztailean. Hala, “terrorismoa goraipatzea eta zuritzea” leporatuta deklaratu beharko du.
Eusko Alkartasunak epaiketa salatu zuen
EAk, alkatearen kontrako salaketak “erabat zentzugabeak” direla salatu zuen bere garaian. Alderdi horrek azaldu zuenez, “Espainiako estatua estrategia zehatza garatzen ari da normalizazioa, bakea eta elkarbizitzaren eraikuntza lortzeko Euskal Herria egiten ari den bidea oztopatzeko”. Hortaz, Gorroñoren auzia “estrategia horren barruan” kokatu behar dela deritzo EAk.