Nazioartean erreferente izateko asmoz, Basquetour-Euskadiko Turismo Agentziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak Euskadi Gastronomika Busturialdea-Urdaibain ekimena eman dute ezagutzera. «Promozioa egiteko tresna baliogarri» bezala aurkeztu dute, eta bertan azaldu zutenez, Busturialdea-Urdaibaiko 23 enpresa, establezimendu edota agentzi turistikok jaso dute Euskadi Gastronomika ekimenaren marka berria.
Euskadi Gastronomika ekimenaren aurkezpenean, dastaketa-madiratua egin zuten Ea-Astein; nazioarteko hamar bat blogarik parte hartu zuten, Remenetxe jatetxeko Jon Andoni Rementeriaren eskutik. Argazkilaria: Izaro mendieta
Hain zuzen, aipatu ekimenak «turismo gastronomikoa eta eno-turismoa eskualdean garatzea eta kooperazio publiko-pribatuaren bitartez, eskualdeko aberastasun gastronomikoa sustatzea du helburu». Alegia, Ibon Mandaluniz Urremendiko gerentearen arabera, asmoa «lehenengo sektoreko bertoko produktuak eta ostalaritzako profesionalak indartzea da». Izan ere, Arantza Madariaga Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren berbetan, gastronomia garrantzitsua sortzeko eduki behar den guztia du Busturialdeak: «beste askok ez dituzten produktu eta baliabideak eta horiekin lan egiten dakien jendea».
Kalitatea bereizita
Euskadi Gastronomikaren markaren bitartez, turisten aurrean, bereiztu egingo dituzte «produktuaren, zerbitzuaren eta establezimenduaren kalitatea bermatzen dituzten establezimenduak». Horiek Produktu Kluba osatzen dute, eta bertan, turismo gastronomikoarekin erlazionatutako enpresa ezberdinek (lehen, bigarren zein hirugarren sektorekoak) parte hartu ahal dute.
Hala, marka horren parte izan nahi dutenek Busturialdea-Urdaibain, Urremendirekin jarri beharko dira harremanetan; 94 625 76 09 telefonora deituta edota urremendi@urremendi.org helbidera mezua bidalita.
Euskadi Gastronomika aurkezteaz gain, Urdaibaiko Esentziak proiektu turistiko-gastronomiko berria ere eman dute ezagutzera. Horren arduradunek azaldu dutenez, produktu berriak garatzeari zuzendutako formulan datza, modu integratuan: produktorea- sukaldaria-bezeroa. Proeiktu horren helburua «produktu berriak diseinatzea da; beti ere, tokiko produktuak eta komertzializaziorako zirkuitu laburrak erabiliz, Busturialdea-Urdaibaiko zigilupean: Urdaibaiko Esentziak». Era berean, proiektu berriak ere martxan jarri nahi dituztela diote.
Horretarako, Grand Klubak izeneko tailerrak burutuko dituzte, «lan-lotura bat sortzeko sukaldari eta produktoreen artean; hala, esperientziak sortu eta partekatzeko». Horren ostean, gainera, living-labak, katak edota prestatutako produktuak dastatzeko saioak ere egingo dituztela jakinarazi dute.
Hala, proiektu horren bitartez, Busturialdea-Urdaibaiko produktu gastronomikoen kalitateari «zaporea eta balio erantsia» eman nahi diote.
‘Euskadi Gastronomika’ren marka berria jaso dutenak
Erretegiak
Mundaka. Restaurante Asador Portuondo.
Sukarrieta. Bekereke.
Industria bisitagarriak
Bermeo. Conservas Zallo.
Jatetxeak
Ereño. Arita Berri Jatetxea.
Morga. Restaurante Hotel Katxi.
Muxika. Remenetxe.
Nabarniz. Nabarniz Jatetxea.
Museoak
Gernika-Lumo. Euskal Herria Museoa.
Ostatuak
Bermeo. Mañuko Benta eta Hotel Atxurra.
Ea. Casa Rural Andutza eta Casa Rural Ea Astei.
Gautegiz Arteaga. Urresti nekazalturismoa, Castillo Arteaga.
Ibarrangelu. Merrutxu nekazalturismoa.
Muxika. Urune Hotela.
Pintxo tabernak
Bermeo. Batun-batun taberna.
Gernika-Lumo. Auzokoa Taberna eta Musutruk Kafe Antzokia.
Mundaka. Goikoa Taberna.
Upategiak
Gernika-Lumo. Bodega Itsasmendi.
Morga. Bodega Txakoli Talleri.
Muxika. Bodega Berroja.