Karmelo Landa: "Konpromiso kolektiboa beharrezkoa da, bakearen eta elkarbizitzarean bidea egiteko"
Herriko tabernen auzian eta Segi gazte antolakundearen kontrako auzian urritik aurrera auzipetuko dituzten 80 euskal herritarrek konpromisoak eskatuko dizkiete alderdi politiko, sindikatu eta Euskal Herriko eragile eta elkarteei. Bilbon emandako prentsaurrekoan Karmelo Landa auzipetuak esan zuenez, , «salbuespenik gabe, interlokuzio jarraia mantendu ahal izateko, gaurtik hasi eta epaiketa egin eta amaitzen den bitartean, konpromiso zehatzak” proposatu nahi dizkiete. Horretarako, alde biko batzarrak eskatu dituzte. Izan ere, Landaren iritziz, “beharrezkoa da konpromiso kolektiboa, bakearen eta elkarbizitzarean bidea egin ahal izateko”.
Auzipetuen helburua “indar político, sozial eta sindikal guztiekin biltzea” da, eta orain arte bidalitako eskakizun guztiek “erantzun positiboa” jaso dutela nabarmendu dute auzipetuek. “Ez dugu bilera formalik nahi, bilkura funtzionalak nahi ditugu, konpromisoetara iristeko, jokoan dagoena Euskal Herriko bakea eta elkarbizitza direlako”.
Mikel Totorikak, bestalde, “eraso judizial” gisa jo ditu bi makroepaiketa horiek. “Une politiko berri honetan, eragile politiko, sozial eta sindikalen esfortzuek urteetan bizi izan dugun gatazka gainditzeko bidean joan behar lukete”.