Asteburuko jardunaldien atarian, Lagako Surf Txapelketaren 25. urteurrena egitarau berezi batekin ospatu du Ogoñope Surf Taldeak. Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean bilduta, Busturialdeko surfaren historia “ederra” ezagutzera eman zuten zapatuan taldekideek, lagun ugari bilduz ekitaldi batean zein bestean.
Berbaldia, enkantea edota The Uski’sen kontzertua dela, goitik ospatu zuten Astran batu ziren lagunek Ibarrangeluko hondartzako txapelketaren urteurren borobila. Gainera, surferako antzina erabiltzen zen materiala, gaur egungoa, aldizkariak, argazkiak eta informazio panelak bilduz, 80 urtez surf izeneko erakusketa paratu du Ogoñopek Astran, aste osoan zehar bisitatu ahalko dena.
Joan den zapatukoa, baina, txapelketaren gosegarria edo aperitiboa baino ez da izan, surflariek asteburuan dutelako hitzordua aurtengo edizioarekin. Txapelketa ez ezik, barbakoa bat, txokolate jana eta kontzertu bat antolatu ditu Ogoñope Surf Taldeak, jai eta lagunarteko giroa nagusitu dadin baitu helburu.
Ekitaldi guztiak igarota, domekan egingo du sari banaketa, 19:00etan.
http://youtu.be/sKPFpEK_2KA