Baserritarrek Eako azokarako prestatutako otzarak. Enkante bat egin zuten otzarekin
Ea eta Mendatako nekazal azokak “arrakastatsuak” izan dira, beste urte batez. Antolatzaileak eguraldi aldakorraren beldur ziren, baina, azkenean ateri egin zuen zapatuan eta domekan. Hala, kostaldeko zein barnealdeko herrian “jende asko” batzea lortu zuten.
Eak zapatuan jantzi zituen baserritar arropak. Eguna goibel esnatu zen, baina 10:00ak aldera atertu egin zuen. Hala, inguruko herritarrak Eara bertaratzen hasi ziren, herriko kaleak betez.
Gizon proba erakustaldia Eako azokan
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, pozarren daude azokak izan duen harreragaz. Baserritarrek salmenta onak egin zituztela nabarmendu dute, eta gainontzeko ekitaldiak ere jendetsuak izan ziren. “Hainbat lagun batu ziren uso mezularien ikuskizunean, gizon proba saioan, dantza saio irekian eta otzaren enkantean”.
Euskal oiloak Mendatako azokan
Mendatan domekan egin zuten hamazazpigarren azoka. Zapatuan bezala, domekan ere eguna oso goibel hasi zen, baina goiz erdian atertu egin zuen. Hala, 11:30etik aurrera jendetza batu zen Eleizalde auzoan. Ohi bezala, euskal oiloek bereganatu zuten bildutakoen arreta, baina, guztira, 35 salmahai jarri zituzten. Bertoko produktuan eta artisauen lanak erosteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Azokaz gain, bestalde, idi pare gazteen arteko desafio bat ere egin zuten Eleizale auzoan.
Idi proba saioa Mendatako azokan
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Mendatako azokara joatea ohitura bihurtu da inguruko biztanleen artean. “Bisitari oso fidelak dauzkagu, eta horiei esker jarraitzen dugu lanean”, azaldu dute.
Azoka erreferente bihurtu dela deritzote mendatarrek. Diotenez herria ezagutzera emoteko balio dute euskal oiloek. Hala, urtero harrera ona izatea oso pozgarria da antolatzaileentzat.