Sari nagusia jasotzen
Automobilgintzako ibilgailuen diseinuan oinarritutako lehiaketaren bosgarren edizioaren sari banaketa ekitaldia egin du Ajangizko Maier S. Coop. enpresak, Zornotzan. Colour & Trim eremuan diseinuko proposamenik onenak aurkezten dituzten proiektuak saritzea dauka helburu lehiaketak, eta 8.000, 4.000 eta 3.000 euroko sari bana egon da; guztira, beraz, 15.000 euro. Sari nagusia, profesionalen mailakoa, Bartzelonako (Herrialde katalanak) Miriam Reyk eta Beatriz Andradek irabazi dute, kromoterapia proiektu bati esker.
IBO Group enpresako disenatzaileak dira Rey eta Andrade. Aurkeztutako proiektuaren “muina kromoterapiaren ezaugarriak” dira. “Horren arabera, aldartea edo neke sentsazioa nola alda daitekeen landu da, ibilgailu barruko giroko argitasunari gama kromatiko hotzak edo beroak aplikatuz”.
Ikasleei dagokienez, Alemaniako Bettina Kunklek eta Anna Katharina Greifek irabazi dute 4.000 euroko saria, eta Errioxako Jose Garciak, Javier Salinerok, Begoña Becerrak, Karol Bledowskik eta Marta Chodorowskak materialen erakusgairik onenari dagokiona, 3.000 eurokoa. Alemaniarrek aztertu dutenez, “industria perfekzioaren gainsaturazioak materialak eta produktuak baloratzeko modu bat eragin du, estetika aldakor bat, baina hori ez da perfekzio eleganteago bat, inperfekzio perfektua baizik”.
Aurten ere harrera ona izan du lehiaketak, 93 proiektu aurkeztu baitituzte. Parte hartzaileak hainbat herrialdetakoak izan direla azaldu dute antolatzaileek: Euskal Herrikoak, Galiziakoak, Frantziakoak, Italiakoak, Alemaniakoak, Indiakoak, Txinakoak, AEBetakoak…
Sari banaketa ekitaldia
Zornotzako AIC Automotive Center-en egin zuten ekitaldia, eta, besteak beste, Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Imanol Pradalesek, Mondragon Korporazioko buru Txema Gisasolak, Maier S. Coop.eko zuzendari nagusi Martin Ugaldek, Peugeot-Citröen Taldeko Diseinuko zuzendari Jean Pierre Plouék, Lehendakaritzako foru diputatu Unai Rementeriak, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, Zornotzako alkate David Latxagak, Euskadiko Automobilgintza Klusterreko zuzendari Ines Anituak eta SPRIko zuzendari Alexander Arriolak parte hartu zuten.
Gisasolak eta Pradalesek abuztuaren 29an Ajangizko lantegian jazotako sutea izan zuten gogoan, eta langileen jarrera goraipatu zuten. Esan zutenez, haiei esker eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta suhiltzaileen lanari esker ez zuen ondorio larriagorik eduki.