Gitarra lapurtu, eta eraso egin diote andre bati Bermeon
Zapatu gauean jazo zen erasoa, Lameran. Emakumea gitarra jotzen eta malabareak egiten zegoen bi pertsonak eraso egin ziotenean. Malabereetako mazoak kendu, haiekin buruan jo, eta gitarra ostu zioten. Galdakaoko erietxera eroan behar izan zuten emakumea, eta lau puntu eman zizkioten zaurian.
Hainbat lekukok emandako datuen arabera, erasotzaileen bila hasi zen Ertzaintza, eta, azkenean, udaletxe inguruan atzeman zituzten, 35 eta 39 urteko gizonezko biak, gauerdian. Euretako batek aldean zeraman poltsan beste pertsona baten dokumentazioa aurkitu zuen Ertzaintzak. Poliziaren arabera, emakumeari eraso egin ostean anbulatoriora joan ziren bi gizonezkoak, eta hango behargin baten poltsa lapurtu zuten bertan.