Gernikak gora egin du sailkapenean, eta Bermeok irabazi barik jarraitzen du
Hirugarren Mailan jokatzen duten Busturialdeko futbol taldeentzat jardunaldi gazi-gozoa izan zen, joan den asteburukoa. Gernikak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Urbietan, baina Bermeok bigarren aldiz galdu zuen etxeko zaleen aurrean. Bermeotarrek sailkapenaren behekaldean jarraitzen duten bitartean, Gernika laugarren postuan jarri da.
Gernika-Lumokoek 2-0 hartu zuten menpean Arenas. Getxoztarrek ligako lehen bi partidak irabazita heldu ziren eskualdera, baina Gernikak goraka jarraitzen duela baieztatu zuten.
Bermeok, bestalde, 0-1 galdu zuen Santutxuren kontra jokatutako partida. Bermeotarrek neurketa ona jokatu zuten, baina huts egin zuten azken metroetan. Hiru jardunaldi jokatuta, kostaldekoek puntu bakarragaz jarraitzen dute. Hala, sailkapen nagusiko hemezortzigarren postuan daude.