Salome Campos itsas zeharkaldiko antolatzaileek jakinarazi dutenez, “joan den asteburuko igeriketa proba oso arrakastatsua izan zen”. Azaldu dutenez, ehun igerilari inguruk parte hartu zuten Euskal Herriko itsas igeriketa proba luzeenean. Kirolariek Bermeon hasi eta amaitu zuten proba, 5.000 metroko igeriketa saio egin ostean. Hain zuzen, Izaro uhartera joan-etorria egin zuten, Salome Campos emakume bermeotarraren balentria gogoratzeko. Duela 100 urte Bermeotik Izarora igeri eginez apustu bat irabazi zuen Campos Kontserben sortzaileetako bat izandakoak.
Guztietan azkarrenak Adnan Mustafic bosniarra eta Lara Bikandi gipuzkoarra izan ziren. Mustafic 56 minutu pasatxo behar izan zituen proba burutzeko. Bikandik, bestalde, ordu bete eta zazpi minututan amaitu zuen zeharkaldia. Probaren irabazleek 95 eta 60 kilo hegalabur irabazi zituzten.
Probaren irabazleek azaldu zutenez, “igeriketa saio oso gogorra” izan zen. Izarora bidean korronte asko zegoen, igerian egiteko baldintzak kaxkartuz. Bermeoko emakumearen azalean jarrita, Salomek balentria handia egin zuela nabarmendu zuen Bikandik. “Garai horretan Izaroraino igerian heltzea harrigarria da”.