Arkotxak irabazi zuen txapelketa iaz
Muruetako lau terdiko esku pilota txapelketaren finalaurrekoak eta finala asteburuan jokatuko dituzte lehian izan diren lau pilotari hoberenek. Barikuan, esaterako, finalaurreko partidetan neurtuko dituzte indarrak kirolariek. Alde batetik, Legorburuk (Galdakao) eta Arkotxak (Arrankudiaga) jokatuko dute. Ostean, bestalde, Irusta (Gernika-Lumo) eta Azpuru (Abadiño) kantxaratuko dira. 19:00etan hasiko da pilotarien arteko lehia.
Arkotxa iazko irabazlea da, baina Irusta da faboritoa antolatzaileen ustez. «Joko onagaz dabil, eta finalera heltzeko aukera oso ona dauka». Finala jokatzen duen Busturialdeko lehen pilotaria izan daiteke gernikarra.
Final handia domekan jokatuko dute sailkapena lortzen duten pilotariek. 19:00etan hirugarren eta laugarren postuengatik borrokatuko dira finalaurrekoetako galtzaileak. Ostean finala jokatuko dute finalaurrekoetako irabazleek.