Legarreta: "Berualako etxebizitzen auzia jazarpen politikoa da"
Berualako Administrazio Kontseiluak San Martineko Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) auzia epaileen esku uztea erabaki ostean, epailearen aurrean deklaratu beharko du datorren eguaztenean, hilaren 11n, Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohiak. Haren ustetan guzti hau «jazarpen politikoa» da, eta hitzordura «gogoz» doala azaldu du.
Berualako etxebizitzen auzia behin betiko argitzeko helburuz, justiziarekin lan egiteko prest agertu zen barria jakin zutenean Bermeoko EAJ. Xabier Legarreta Bermeoko alkate ohiak adierazi duenez, «gogotsu eta pozik» joango da eguaztenean epailearen aurrera deklaratzera, «behar diren erantzunak emateko prest nago», adierazi du.
Uztailaren amaieran erabaki zuen Berualak San Martineko etxebizitzen auzia epaitegietara eroatea, «epailea izateko auzi honetan erantzukizunak zehaztuko dituena», azaldu zuten. Joan den legealdiko Berualaren kudeaketan ustezko delitu bi egon daitezkeela esan zuten zerbitzu juridikokoek: «prebarikazio delitua eta delitu sozietarioa». Juan Karlos Goienetxea Hirigintza zinegotzi eta Berualako Administrazio Kontseiluko kontseilari delegatuaren arabera, «gure helburua gauzak argitzea da eta hori egiteko modurik zuzenena epaileengana jotzea dela uste dugu».
Gertatzen ari den hau guztia, «maniobra eta jazarpen politikoa» dela argi du Legarretak. Nahiz eta gauza hauek gertatu, «hemendik eta legealdia amaitu arte, erantzukizun berdinarekin lanean jarraituko dutela» adierazi du, «hauteskunde programa bat aurkeztu genuen eta oraindik badaukagu lana; izan ere, ia 4.000 herritarren ordezkariak gara». Iñigo Imatz orduko Hirigintzako zinegotziak eta Josu Azaola Berualako kudeatzaile ohiak ere deklaratu beharko dute epailearen aurrean. «Udaleko langile bat gai politiko batean sartzen den lehenengo aldia da», dio Legarretak Azaolagatik, «argi baitaukat guzti hau, beste ezeren gainetaik, gai politikoa dela».
Eguaztenean, epailearen aurrean argituko dituzte argitu beharrekoak, baina Legarretak beste behin gogorarazi gura izan du «auzi honetan inoiz ez dela erabaki politikorik egon, guztiak, txosten teknikoekin eta udaleko aholkularitzako txostenekin oinarritutako erabakiak izan direla. Bai teknikoak eta baita aholkularitza juridikokoak bardinak izan dira ni alkate izan orduko, ni alkate nintzela, eta baita, egun ere. Hortaz, bitxia iruditzen zait».