Umeak euskal oiloei begira iazko azokan
Mendatako nekazal azokak hamazazpi urte beteko ditu aurten. Mendatakoa eskualdeko azoka zaharrenetako bat da, eta bertoko herritarren artean errotuta dagoela deritzote antolatzaileek. Hala, aurten ere, jendetza batzea espero dute. Urtero bezala, euskal oiloek bereganatuko dute bildutakoen arreta, baina bertoko beste hainbat produktu ere izango dira salgai Eleizalde auzoan.
Nekazal azokaren arrakastaren gakoa euskal oiloak dira mendatarren ustez. Diotenez, erreferente bihurtu dira bertoko oiloak erosi gura dituztenen artean. Horregatik, pozarren daudela jakinarazi dute. “Azoka antolatzen jarraitzeko indarrak ematen ditu bertoko herritarren babesa jasotzea” esan dute.
Domekan, 35 salmenta postu inguru izango dira Eleizalde auzoan. Hala, bertoko ekoizleen eta artisauen hainbat produktu erosteko aukera izango dute Mendatara doazenek.
Herri kirol desafioa
Urtero legez, herri kirol zaleentzako tartea ere izango da Mendatako nekazal azokan. Hain zuzen, Iturbe Anaien (Paresi) eta Iñigo Aurrekoetxearen ( Loiu) idi gazteen arteko desafio ikusteko aukera izango da Eleizalde auzoko probalekuan. 12:30ean hasiko da idi proba saioa.