Barrueta Arte Elkartearen, Euskal Akuarelarien Elkartearen eta hainbat artistaren ekimenez –tartean, Nestor Basterretxea bermeotarra–, erakusketa solidarioa egingo dute Bermeon. Euren lanak dohainik emanda, bilduma berezia prestatu dute artistok, eta prezio erdian salduko dituztela jakinarazi dute. Salmentetatik lortutako dirua Bermeo Suten 2013 elkarteari emango diote.
Gaur goizean aurkeztu dute Nestor Basterretxea aretoan irailaren 8tik 29ra bitartean ikusgai izango den erakusketa. Bermeo Suten 2013 plataformako kideak, Barrueta Arte Elkarteko, Euskal Akuarelarien Elkarteko kideak eta Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak emango dituzte xehetasunak.
80 obratik gora egongo dira salgai prezio eskuragarrietan, 80 eurotik aurrera, hain zuzen ere. Erakusketak bi espazio izango ditu aurton. Barrueta Arte elkarteko artisten akrilikoak eta olioak, ohi legez, Batzokiko aretoan izango dira ikusgai. 33 lan daude bertan eta merkeenak 100 euro balio du eta garestienak 1.250 euro. Bestalde, artelan horiez gain, Barrueta Arte elkarteko ohorezko presidentea den Nestor Bastarretxearen eskultura bat ere salgai ipiniko dute 3.000 eurotan, “bakarra” dela gogorarazita.
Bestalde, Euskal Akuarelarien arte lanak Nestor Basterretxea aretoan izango dira ikusgai. 43 lan daude erakusketa horretan 80 eurotik 650 eurora bitartekoak. Horiez gain, 10 metro karratuko artelana ere badago, 22 lagunen artean egin dutena. Enpresei edota erakundeei eskaintzen dioten lana dela azaldu dute eta 5.000 eurotan saltzen dute.
Andra Mari egunean, domekan, 13:30ean izango da erakusketa solidarioaren inaugurazio ekitaldia, eta ondoren, irailaren 29ra arte bisitatu ahalko da 18:00etatik 21:00etara. Irailaren 10ean, 14an, 15ean eta 16an goizez ere zabalik izango dela zehaztu dute 11:30eatik 14:30eara.
Salgai dauden artelan guztiak dagoeneko ikugai ipini dituzte
www.bermeo-suten-20131.webnode.es blogean. Hortik, baina, ezin izango dira erosi.