36 gazte ari dira asteon, Meet Europe, Create Opportunities gazteen elkatrukean parte hartzen, Mendatako Artape Udal aterpetxean. Urremendi Busturialdeko Landa Garape Elkarteak parte hartzen du bertan, Errumaniako eta Poloniako landa inguruko elkarteekin batera.
Bermeoko eta Gernika-Lumoko udalekin batera antolatu dute elkartrukeen laugarren edizio hori, eskualdeko gazteriaren bizi kalitatea hobetze aldera. Hain zuzen, «gazteen langabeziaren aurrean, kultura ekintzailea gazteen artean zabaltzea da ekimenaren helburua, derrigorrezko ikasketak bukatu baino lehen garapen pertsonalaren prozesuan barneratu ahal izateko». Horregaz batera, bizimodu osasuntsuaren alde ere egin nahi du ekimenak, «kirola aire librean praktikatuz eta elikaduragaz lotutako ekintzak burutuz».
Elkartrukean parte hartzen ari diren gazteak, Mendatan. Argazkilaria: Nueva Europa
Europar Herritarsunaren urtea da 2003, eta, hori kontuan hartuta, hainbat ekintza burutzeko asmoa dute antolatzaileek: ikastaroak, europar trivial-a, jokoak, eztabaidak… Horien bitartez, Europa eta europear eskubideak ezagutzera emon nahi dituzte antolatzaileek.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, elkatruke horietan, Busturialdea-Urdaibaiko ondare naturalak, historikoak eta erakargarriak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek: esaterako, Batzar Etxea eta Gernikako Arbola, Mundakako olatua, Ereñozarko San Miguel edota Omako Baso Margotua.
Joan den domekan emon zioten hasiera elkatrukeari, eta domeka honetan bukatuko dituzte bertako ekintzok.