Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna sustatzea helburu duen Urruzuno lehiaketan saria hartu dute aurten Busturialdeko lau ikaslek; hain zuzen, Ane Miren Arejita Abaituak, Sara Abaunza Urionabarrenetxeak, Lurdes Ondaro Malleak eta Katalin Ibarzabal Galarzak. Irabazitakoaz gozatzen ari dira asteon irabazleak, Elgoibarko Aubixa baserriko barnetegiko literatura egonaldian baitira, gainontzeko hamasei irabazleekin batera.
Goian, eskuinetik hirugarrena, Lurdes Ondaro Mallea; goian, eskuinetik bigarrena, Katalin Ibarzabal Galarza
Astelehenean hasi zuten barnetegia, eta barikura bitartean ariko dira literaturarekin eta idaztearekin zerikusia duen jarduerak egiten bertan. Aurten, besteak beste, Patxi Zubizarreta, Yolanda Arrieta eta Maite Franco idazleak izango dira Aubixako tailerrean. “Alde batetik, idazle horiekin gertuko eta zuzeneko harremana izateko aukera eman nahi zaie irabazleei, eta, bestetik, Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean, idazle gazte hauen aurrerabiderako literatura-tutoretza bideak aztertu nahi dira”, azaldu du Eusko Jaurlaritzak.
Bigarren Hezkuntzako 186 ikaslek aurkeztu dituzte lanak aurtengo Urruzunotarrak Gehituz ekimenera, prosan nahiz poesian. Adinaren arabera, bi maila bereizi dituzte. A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren ikasleek har dezakete parte. B kategorian, berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari diren gaztetxoek. Irabazleen lanekin liburua osatu du Hezkuntza, Hizkunza Politika eta Kultura sailak, bilduma gisa,
Sagastiberri sailean. Eskola guztietara zabalduko dute aurki liburua.
Urruzunotarrak Gehituz ekimena
Urte luzez indarrean izandako Urruzuno literatura lehiaketaren jarraipena da oraingo Urruzunotarrak Gehituz literatura-ekimena. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea du helburu, hitz lauz edo olerkiz, euskarazko sormena belaunaldi gazte berrietan indartuz. “Ez da asmo hutsa, joan den mende laurden luzeko praktikak ondo frogatu duen gertakaria baizik: Urruzuno saria irabazi izan duten hainbat neska-mutil egungo euskal idazle ezagunen artean daude”.