Bermeoko txokoei buruzko proiektu bat abiarazi du Suediako profesional talde batek
Mision Txoko izena ipini diote proiektuari, eta dokumental bat eta liburu bat egitea da helburua. Bermeotarrek jai egunak zelan bizi dituzten ezagutu gura dutela azaldu du Bego Gangoiti Turismoko teknikariak. Horregatik, herriko txokoak, gastronomia eta ohiturak hurbil-hurbiletik ezagutu asmoz, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herrian izango dira. 18 lagunez osatutako taldea etorri da Bermeora; diseinatzaileak, aktoreak, argazkilariak, sukaldariak…izango dira taldean, guztiak gizonezkoak.
Suediatik Bermeora etorri den taldeko zenbait kidek orain dela hamabost urte ezagutu zuten herria. Europako lurralde ezberdinetako biztanleei argazkiak ateratzen ibili ziren orduan, beste proiektu batean. Bidaia hori Euskal Herrian hasi zuten, eta «kasualitatez» Bermeon izan ziren urte hartako Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Gangoitik azaldutakoaren arabera, «gure herriarekin, kulturarekin, gastronomiarekin eta herritarrekin maitemindu ziren. Gauzak horrela, hainbat izan ziren hemen atera zituzten argazkiak, eta ondoren, dokumentazio grafiko izugarria osatu zuten gure jaien inguruan. Gainera, Suedian txoko antzeko bat antolatzen ere hasi dira».
Proiektua, orain, gure herriko ohiturei buruzkoa izango da, txokoak ardatz hartuta. Horretarako hainbat txoko bisitatuko dituzte, «beraien egunerokotasuna ezagutzeko».
Irailaren 9an, Portuzarrean
Arrantzale egunean, goizean, Portuzarrean karpa bat ipiniko dutela azaldu dute, bermeotarrekin bizi gura baitute jai giroa, eta elkarrizketak egiteko ere aprobetxatuko dute eguna. Bestalde, proiektuan parte hartu gura duten txokoetako kideei egun horretan karpa horretara joateko deia egin diete, «nahiz eta batzuekin dagoeneko harremanetan jarri diren».
Suediarren erronka nagusia, gainera, sukalkia dela esan du Gangoitik: «Beraien artean sukaldari famatu bat dago, munduko hainbat txapelketatan parte hartu duena eta hilabeteak daramatzana sukalkian aurkezteko prestatzen». Hori ere proiektuan jasotzeko asmoa dute.
Turismo teknikariaren esanetan, «gure herriaren nortasuna zabaltzeko aukera emango du».