Saltillo itsasontzia gaur, Bermeoko portuan
EHUren eskola-ontzia ohiko udako itsasaldia egiten ari da euskal kostaldetik, eta abuztuaren 22an Santurtzitik abiatu ondoren, gaur iritsiko da Bermeoko portura. 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da Saltillo itsasontzia. Bihar bere bideari berriz helduta, irailaren 6an amaituko du itsasaldia, Santurtzin.
1932an eraikitakoa, bi urte beranduago erosi zuen Pedro Galiindez enpresari bizkaitarrak. 1946tik 1963ra arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Nautika eta Itsasontzi-makineria Eskolari eman zion itsasontzia, eta zaharberritu ondoren, berriro itsasoratu zuten 1998an. Gaur egun EHUko ontzi-eskola bezala erabiltzen dute. Mikel Lejarza kapitaina eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko hamalau ikasleak ari dira nabigazio praktikak egiten antzinako belaontzian.