Lagako Surf Txapelketak 25 urte beteko ditu aurten, eta Ogoñope Surf Taldeko kideek hiru eguneko egitaraua prestatu dute, data berezia gogoratzeko. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Astra eraikinean emongo diete hasiera urteurreneko ospakizunei, zapatuan.
Egun horretan, Busturialdeko surfaren eta Lagako Txapelketaren historiaren berri emon gura dute surf taldekoek. Alde batetik,
80 urtez surf erakusketa zabalduko dute antolatzaileek. Erakusketaren bitartez bertoko surfaren historia ezagutzeagaz batera, bisitariek kirol horren bilakaera ezagutzeko aukera izango dute. 20:00etan zabalduko dute erakusketa.
21:00etan, bestalde, Ogoñope taldekoek hitzaldi bat emongo dute. Argazkiak erabilita Lagako txapelketaren 25 urteak errepasatuko dituzte hizlariek. Zapatuko jarduerekin amaitzeko, 21:30ean erabilitako surf materialaren enkante bat izango da, eta 22:00etan The Uski’s taldeak kontzertua joko du.
Irailaren 14ko asteburuan ospakizunak Lagan
Urteurreneko ospakizunak zapatuan hasiko dira, baina irailaren 14ko asteburuan ere ederto pasatzeko aukera izango dute surf zaleek. Hilaren 14an, esaterako, Lagako XXV. Surf Txapelketa jokatuko dute eskualdeko surflariek, 10:00etatik aurrera. Ospakizunak hilaren 15ean amaituko dira ohiko txokolate janagaz.