Ibilaldiaren denda
Urdaibai eta Bihozfera lelopean, argazki lehiaketa bat abiarazi du Ibilaldia Elkarteak. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkez ditzake lehiaketara irailaren 15a orduko, eta, betiere, irudiek saritu edota inon argitaratu gabeak izan beharko dute; baita Busturialdean ateratakoak ere. Formatu bertikal zein horizontalekoak eta kolorezkoak nahiz zuri-beltzezkoak onartuko dituzte.
ibilaldia@ikastola.net helbide elektronikora igorri behar dira lanak, jpg formatu digitalean, 300 ppp-ko erresoluzioan. Irudiek gehienez 6 MB izan ditzakete. Egilearen izen-abizenak, telefono zenbakia, harremanetan jartzeko helbide elektronikoa, argazkiaren izena, argazkia atera den lekuaren izena eta azalpena (zergatik leku edota momentu hori, zein lotura daukan Ibilaldia 2014ko leloarekin…) erantsi beharko dira mezuan.
Gau biko egonaldia
Gernika-Lumoko Euskal Jaiko Ibilgunean egingo du Ibilaldia Elkarteak lehiaketaren sari banaketa, urriaren 5ean, eta, aurreratu dutenez, Garaixe Etxea landetxean bi pertsonarentzako gau biko egonaldia (spa eta saunarekin) irabaziko ditu argazki hoberenaren egileak. Dena den, hogei argazki hautatuko ditu epaimahaiak, urrian abiaraziko duten erakusketa ibiltaria osatzeko.
Bestalde, 2014an Gernika-Lumon ospatuko den Ibilaldiko materiala erosteko aukera ere ari da eskaintzen Ibilaldia Elkartea, Adolfo Urioste eta Artekale kaleen artean jarri duen dendaren bitartez (Ibilgunea, antzinako Aurrezki Kutxa). Astelehenetan eta zapatuetan 11:00etatik 14:00etara egoten da zabalik, eta barikuetan 18:00etatik 21:00etara.