Zenbait bisitari, audiogidekin
Uztailaren 1ean hasi zen Gautegiz Arteagan dagoen zentroa bisita gidatuak eta autogida zerbitzua eskaintzen bisitariei, eta, hango arduradunek azaldu dutenez, harrera ona izan dute biek ala biek. Bisita autogidatuek zentroa modu autonomo batean ezagutzeko aukera ematen diote bisitariari, audiogiden laguntzaz informazio zehatz eta ulerterraza eskuratzen delarik.
Irailaren 15era arte emango dute bisita gidatuetan parte hartzeko aukera, ia egunero, 11:30etik aurrera. Egun bikoitietan euskara da bisiten lehentasunezko hizkuntza, eta bakoitietan gaztelera. Astelehenetan, aldiz, zentroa itxita dago. Ordubete eta erdiko iraupena dute bisita gidatuek, eta zentroko teknikariek gidatuko dituzte. Besteak beste, Urdaibairi buruzko azalpenak eta zentroak martxan dituen proiektuen inguruko argibideak ematen dituzte. Autogidak baliatzea erabakitzen dutenek euren kabuz egingo dute bisita.
Hogei pertsona onartzen dituzte taldeko, eta, beraz, kopurua mugatua denez, erreserba aldez aurretik egiteko gomendioa egin du Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentroak. Horretarako, 699-839 202 telefonora deitu behar da, edo
birdcenter@birdcenter helbide elektronikora mezu bat bidali.
Salneurriak
Bisita arruntak 8 euro balio duen artean, bisita autogidatuek 5 euroko salneurria edukiko dute. 5 urtetik 12 urtera arteko umeek, dena den, 2 euro ordaindu beharko dituzte –4 euro bisita gidatuen kasuan–. Baterako zein besterako, 4 urtera arteko umeek ez dute ezer ordaindu beharko.
Beste alde batetik, ordutegia be zabaldu du Urdaibai Bird Centerrek, “Urdaibai biosfera erreserbara uda sasoian datozen bisitariek zentroa bisitatzeko aukera izan dezaten”. Hala, martitzenetik domekara bitartean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara dago zabalik.