Zapatuan egingo duten Salome Campos zeharkaldiaren lehen edizioa aurkeztu dute goizeon. Campos kontserba fabrikak antolatu du zeharkaldia Bermeoko Udalarekin lankidetzan. Erakustaldi horrek herriko emakume bat omendu gura du, Salome Campos. Duela mende bat Campos enpresaren sortzaileetako bat izan zenak egin zuen Bermeo eta Izaro arteko zeharkaldi hori, apustu bat irabazi asmoz. “Gizonezkoek egiten zuten moduko gauzak egiteko gai zela frogatu gura zuen”, azaldu du Camposeko marketing arloko zuzendari den Aintzi Laburuk.
Bere omenezko zeharkaldia, baina, oraindik ere gogorragoa izango da, parte hartzaileek bueltan ere etorri beharko dutelako. 5.000 metroko distantzia du zeharkaldiak eta 100 parte hartzaile inguru izango dira. Proba “gogorra” izango dela dio zeharkaldia antolatzeaz arduratu den Fortuna Elkarteko Ekitaldien Antolamenduko arduradun Iñigo Etxebarriak: “zeharkaldi honetako distantzia, egun ur irekietan antolatzen diren modu honetako lehiaketetakoak baino askoz ere handiagoa izango da, 3.000 metrotan ibiltzen baitira distantziak”.
Martillo kaian emango diote hasiera zeharkaldiari, 14:00etan. Ordu horretan abiatuko baitira emakumezkoak, ordu laurden beranduago izango da, aldiz, gizonezkoen irteera. 20 emakumek hartuko dute parte, gainontzekoak gizonezkoak izango dira. Zenbait bermeotar ere animatu dira zeharkaldian parte hartzera, azaldu dutenez, hamar inguru, guztiak gizonak. Etxebarriak adierazi duenez, “emakumezkoen nahiz gizonezkoen kategorietako espezialista onenek hartuko dute parte. Parte hartzaile gehienak bizkaitarrak badira ere, Euskal Herritik kanpoko igerilariek ere Bermeon izango dira, Kataluniatik edo Balear uharteetatik etorritakoak, esaterako”.
I. Salome Campos zeharkaldiak sailkapenerako balioko ez badu ere, bi kategorietako lehenengoek txapelaz gain, bere pisua hegaluzetan eroango dute sari modura. Izan ere, zeharkaldiaren helburu nagusia “erronka” bat burutzea dela aipatu du Laburuk, “duela mende bat Salome Camposek egin modura”.