Kaiku zen Kontxako Banderako lehen jardunaldia irabazteko faborito nagusia, baina, sorpresa emanda, Urdaibaik irabazi zuen atzoko estropada. Lehen txandan atera zen Bou Bizkaia trainerua, eta 19:17ko denboran osatu zuten distantzia, Hondarribiak 19:20,54koan, eta Oriok 19:23,26koan. Kaiku, San Pedro, Portugalete, Tiran eta Donostiarra izan ziren, hurrenez hurren, hurrengo sailkatuak. Hortaz, datorren domekan, Urdaibai, Hondarribia, Orio eta Kaiku ariko dira lehian.
Nesken estropadan, bestalde, bandera ia erabakita utzi du Zumaiak. Euskotren Ligako txapeldunek 10:37ko denbora egin dute, eta 11 segundoko aldea atera diote Hibaikari, bigarren luze bikaina eginda. San Juan hirugarren izan da 18 segundora, eta Mecos galiziarra laugarren 25 segundora.