Argazkia: Gernika-Lumoko Udala
Uztaileko azken osoko bilkuran sistema ezartzea onartuta, datorren urtean leihatila bakarraren programa martxan jartzeko lanean hasi da Gernika-Lumoko Udala. EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bultzatutako programa horren bitartez, udalak “errotik aldatuko ditu herritarrekiko harremanak”.
Bikoitza da lehiatila bakarraren helburua: batetik, herritarrei administrazio-izapide guztiak egiteko bidea erraztea, eta, bestetik, sail bakoitzaren eraginkortasuna optimizatzea. Begoña Landa alkateordeak azaldu duenez, “gernikarrei eskaintzen dizkiegun udal zerbitzuak bizkorrago eta kalitate handiagoz ematea, horixe da gure xedea”.
Hartara, herritarrek administrazioarekin duten harremana erraztuko du sistema berriak. “Egin nahi duten izapidea edozein izanda ere ez dute sail batetik bestera ibili beharko, dena leihatila bakarrean egingo da-eta”, baieztatu du Landak. Horrela, asko murriztuko dute herritarrek itxaron behar izaten duten epea, eta udalak erantzuteko behar duen denbora tartea ere murriztu egingo dute.