Joan den eguenean Ajangizko Maier enpresan sortutako suteak eragindako kalteak zenbaterainokoak diren aztertzen eta horiek gainditzeko neurriak hartzen ari dira bertako arduradunak.
Martin Ugalde Maier Taldeko zuzendari orokorrak jakinarazi duenez, «ezbeharrak kalte materialak baino ez» zituen sortu. Hain justu, suteak, batez ere, biltegiari eragin zion eta ekoizpenerako instalazioek, bestalde, ez zuten kalterik jasan.
Egun ekoizpen-jarduera erabat berreskuratuta dagoela azaldu du enpresak eta sutearen ondorioz sortutako inzidentziak bezeroekin kudeatzen ari direla gaineratu du; hartara, «hornidura erregulatu ahal izateko». Bitartean, egueneko sute handi hori pizteko arrazoiak zeintzuk izan ziren jakiteko lanean dabil Maier enpresa.
Enpresako zuzendaritzak jakinarazi duenez, plastikoak eta bilgarriak gordetzen dituzten biltegi batean piztu zen sua eguenean. 10:30 aldera jaso zuten larrialdi zerbitzukoek bertaratzeko abisua. Hala, Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako suhiltzaileak, osasun
Argazkilaria: Jabi Bengoa
langileak eta Ertzaintza hurreratu zen ezbeharraren tokira.
Langileak eraikinetik aterarazi zituzten eta horietatik zazpi artatu egin behar izan zituzten; batzuk kea arnasteagatik eta besteak erredura arinak izateagatik. Enpresaren kanpoaldean bertan artatu zituzten hiru langile, eta beste lau, barriz, Galdakaoko ospitalera eraman zituzten.
Bitartean, sua inguruko guneetara iristea ekiditzeko lanetan jardun ziren suhiltzaileak; izan ere, produktu
sukoiak zeuden bertan. Sutea piztu eta ordubete ingurura, sugarrak amatatzea lortu zuten suhiltzaileek; horren segidan, barriz, zonaldea hozteko lanetan aritu ziren, sua berriro piztu ez zedin. Hala, goizean sortutako sutea eguerdirako kontrolpean zuten.