Mendata Ezagutuz mendi martxako antolatzaileek 550 lagun inguru batu zituzten, joan den domekan. 520 mendizale inguruk mendi ibilaldia hautatu zuten, eta gainontzekoek mendi maratoian parte hartu zuten. 30 lagun inguruk hasi zuten lasterketa, eta 27k lortu zuten helmugara heltzea. Maratoiko irabazleak Eneko Leonardo Saez eta Raffaella Ciavola arabarrak izan ziren. Bertoko lehen sailkatua, bestalde, Antton Luengo txirrindulari ohia izan zen. Hirugarren postuan helmugaratu zen Gautegiz Arteagakoa.
Antolatzaileak pozarren azaldu dira probak izan duen arrakastagaz. Egun berean, Lezaman beste mendi martxa bat egon arren, parte hartzaile kopurua oso altua izan dela deritzote mendatarrek. Izan be, parte hartzaile kopurua apur bat bakarrik bajatu da, iazko martxagaz alderatuz gero.
Busturialdeko herritarrez gain, Mendatako martxak Euskal Herri guztitik joandako mendizaleak batu zituen. Hala, proba oso garrantzitsua dela deritzote antolatzaileek. Madrilgo eta Sevillako zenbait lagunek ere parte hartu dute aurten.