Bermeoko taldearekin eta Donostiarrarekin batera, Portugalete, Orio, Kaiku, Hondarribia, San Pedro eta Tiran sailkatu dira Kontxako Banderan lehiatzeko. Atzo jokatu zuten sailkatze estropada, eta nahiko berdinduta aritu ziren traineruak. Txartela lortuta, etzikoan dute burua zazpi sailkatuek eta Donostiarrak.
Txanda zozketa ere atzo egin zuten, eta Kaiku, askorentzat faborito handia, bigarrenean joango da. Haizeak gora egin ohi du lehen txandatik bigarrenera, eta etzirako halaxe dago emanda. Ez dira albiste onak iazko garailearentzat. Portugalete, Hondarribia eta Donostiarra izango ditu alboan. Aurrenekoan, beste lau traineruak joango dira: Orio, Urdaibai, Tiran eta San Pedro.
Domekakoa jokatuta, irailaren 8an lehiatuko dute arraun taldeek Kontxako Banderako bigarren estropada.
Sailkapen estropada:
- Portugalete 20:05
- Orio 20:06
- Kaiku 20:07
- Urdaibai 20:08
- Hondarribia 20:15
- San Pedro 20:16
- Tiran 20:17
- San Juan 20:20
- Astillero 20:18
- Zierbena 20:32
- Chapela 20:43
- Lekittarra 20:44
- Cabo 20:46
- Zumaia 20:47
TKE Ligari dagokionez, bestalde, bigarren da Urdaibai, 166 punturekin. Kaiku da liderra, 181 punturekin. Orio da, oraingoz, hirugarren sailkatua.