Irailaren 7tik 16ra bitartean izango diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotzen hasiko dira domekan Almikako Andra Mariak. Dunbadarekin eta bolanderekin emango diote hasiera jaiei domekan, 10:00etan. Egun horretan egingo dute, gainera, auzo horretan ohikoa duten untxi sukalki txapelketa. Parte hartu gura dutenek 11:00etatik aurrera eman beharko dute izena Almikan ipiniko duten txosnan. 13:00etan izango dute kazolak aurkezteko ordua eta 17:30ean banatuko dituzte, barriz, sariak.
13:00etan meza nagusia entzun ahalko da Almikako Andra Mari elizan, ondoren, 14:00ak inguruan, helduentzako herri kirolak eta jokoak izango dira. 18:00etan Tximino musika taldearen musikaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek eta 20:30ean, Almiketxu erretegiak eskainita, sardina jana egingo dute.
Irailaren 7an, Andra Mari bezpera egunean, urtero legez, koadrilen jaitsiera egingo da Almikatik hasita Bermeoraino.
Alkartasuna Dantza Taldea eta udalbatza Almikan
Andra Mari egunean, irailaren 8an, 11:00etan meza nagusia entzungo dute Almikako Andra Mari elizan. Ondoren, tradizioari eutsita, Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurrezku berezia dantzatuko du. 12:00etatik aurrera, bestalde, trikipoteoa egingo dute eta 18:30ean, idi proba txapelketako lehenengo saioa jokatuko da Almikako proba lekuan. Bigarren saioa, barriz, irailaren 10ean izango da ordu eta leku berean.
Jakinarazi dutenez, jaiak bitartean, oreinaren pintxoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.