%10,47 murriztu du Gernika-Lumoko Udalak aurtengorako aurrekontua
Abuztuan onartu du udalak 2013ko aurrekontua, hain zuzen, 15.809.021, 59 eurokoa. Iazkoarekin alderatuz, beraz, %10,47 murriztu dute aurtengo aurrekontua. Iñaki Gorroño Ogasun saileko zinegotziaren esanetan, hainbat izan dira murrizketarako arrazoiak, esaterako, Udalkutxaren ekarpenaren beherapena (728.383, 81 euro) eta eraikitzeagatik eta baimen urbanistikoak emateagatiko zergetatik eratorritako jaitsiera. Gorroñoren hitzetan, “gastuekin zorrotzak izaten jarraitu” beharko du udalak.
Bestalde, aurrekontuko 777.645,18 euro hobekuntza urbanistikoetara eta obretara bideratuko du udalak; esaterako, Astrako hondeaketa plana gauzatzeko, etorkizunean energia berriztagarrien zentroa kokatzeko bertan (160.000 euro), espaloien konponketa eta mantenurako (134.370 euro), herriko ikastetxeetako inbertsioetarako (187.605,15 euro) eta 158 unitatearen urbanizaziorako (63.000 euro).
Ondasun arrunt eta zerbitzuetara 6.150.885,92 euro bideratuko dituzte, kontuen %38,9; langileriaren gastuetarako 4.425.713,91 euro bideratuko dituzte, aurrekontuaren %27,99%; eta ekintza sozialetarako 640.800 euro.
Erakunde autonomoei dagokienez, Lanbide Ekimenak zentroak 638.223,66 euroko aurrekontua izango du (2012an baino %14,97 gehiago), Kultura Etxeak 2.013.351,75 eurokoa (iaz baino %2,97 gutxiago), Kirol Patronatuak 1.779.252,75 eurokoa (2012an baino %9,92 gutxiago) eta Aita Villasante Udal Euskaltegiak 456.256,6 eurokoa (iaz baino %8,39 gutxiago).