Enpresa batzordeko kideak, gaur goizean
Rinder Industrial S.Ak egindako azken hiru kaleratzeen harira, enpresa horretan ordezkaritza daukaten hiru sindikatuek Foruko lantegiko beharginen lanpostuen inguruko kezka agertu dute, enpresaren jarrera salatuz. ELA, LAB eta UGTren iritziz, lantegia ixtea da enpresaren nahia. Horregatik, “etsiko ez” dutela nabarmendu dute enpresa batzordeko kideek, “urte luzez lan zintzo eta txukuna egin ostean, enpresako administrazio kontseilukoek guk sortutako aberastasuna banatu dutenean lanik ezaren aitzakiapean kaleratu nahi gaituztelako”. Hala, kaleratze guztien aurka eta lantegia zabalik mantentzearen alde borrokatzen jarraituko dutela esan dute. Izan ere, “langileongandik aberastu eta inperio bat sortu dutenean, kalean utzi nahi” dituztela kritikatu dute.
Azken urteetako bilakaera ere ekarri dute gogora Rinder Industrial S.Ako langileek. “Itxieraren mehatxuekin, kaleratzeekin, soldatak ordaindu barik eta lana beste leku batzuetara desbideratuz, egunerokotasun jasanezinean jardutea inposatu digu. Lan tresnak eta makinak atera dituzte beste enpresa batzuetara eramanez, azpikontratazioa erabili izan dute eta enpresa irteerarik gabe utzi arteko erabakiak hartzen joan dira, gaurko egoerara iritsi arte”. Enplegu Erregulazio Espedienteen, soldaten murrizketen… ostean, onura sozialik barik utzi dituztela diote beharginek, eta oraindik “enpresaren maltzurkeriak” euren soldatekin ari direla ordaintzen salatu dute.
Akziodunek “enpresa hiltzen utzi” dutela kritikatu dute. Halaber, Rinder Industrial S.A enpresa taldearen zutabea Foruko lantegia dela nabarmendu dute, eta “urteetan zehar sortu dugun aberastasunari esker jaiotako taldearen oinarria” eurak direla esan dute. “Guztia Foruko enpresa honi esker sortu dute, nazioarteko inperio bat. Indiak eta Kolonbian eraiki dituzte enpresa berriak, euskal lurraldean beste batzuk; enpresa holding bat dute Foruan aritzen garen langileon izerdi eta urte luzeetako sakrifizioari esker”.