Jaialdiaren aurkezpena
Urtero legez, zaharren egoitzarako dirua biltzea helburu duen zesta-punta partidak jokatuko dituzte Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Barikuan izango dira partidak, 22:00etatik aurrera, eta munduko puntistarik onenetakoak batuko dituzte kantxan. Jaialdia ikusteko sarrerak 10 euro balioko du.
Gaur goizean egin dute jaialdiaren aurkezpena Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, Calzada egoitzako ordezkari batek, eta Gernika Jai Alai eskolako kide batek. Agerraldian, jaialdian parte hartuko duten puntisten izenak emon dituzte jakitera.
Ongintza jaialdiko lehen partida, Alberro/Troukulet eta Barandika/Lekerika bikoteek jokatuko dute. Alberro eta Troukulet Frantziako txapeldunak dira. Barandika eta Lekerika gernikarrak, bestalde, Europako txapeldunak dira. Hala, partida ikusgarria izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Partida estelarrean maila handiko lau pilotari izango dira kantxan. Alde batetik Hormaetxea bermeotarrak eta Inzak edo Evidegaraik jokatuko dute. Aurkariak Aimar eta Etcheto izango dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, partida handia izango da Kantxan munduko jokalari hoberenetako batzuk batuko baitira.
Urtero bezala, Calzadaren aldeko jaialdian omenaldi txiki bat egingo dute antolatzaileek. Aurten, egoitzaren aldeko partidetan parte hartu duten 30 puntista ingururi egingo diete omenaldia.