Bostale Bermeoko ostalarien elkarteak antolatutako jardueren baitako txapelketa da zapatukoa. Euskal Herriko marmitako gozoena aukeratuko dute Bermeon. Parte hartze “handia” espero dute, izan ere, txapelketagatik interesa agertu duten 100 dei inguru jaso dituztela azaldu dute antolatzaileek “bai Euskal Herritik zein Iparraldetik ere”.
Euskal Herriko marmitako txapelketa Alde Zaharrean egingo dute; Sabino Arana enparantzan (Goiko Plaza) eta Santa Maria elizako ondoko kaleetan, hain zuzen ere. “Parte hartzaileak asko izanez gero, kale gehiago erabili ahalko dira, beti ere, porturantza eginez”, diote.
Zapatuan, 08:00etatik 10:00etara Alde Zaharrera autoz sartzeko aukera eskainiko dute, txapelketarako beharrezkoak diren gauzak sartzeko. Era berean, arratsaldean, 19:00etatik 20:00etara ere, autoentzako zabalik izang da Alde Zaharra gauzak ateratzeko.
Parte hartu gura duten horiek 10:00etatik 12:00etara emon beharko dute izena. 13:30eatik aurrera, bestalde, egindako marmitakoak aurkezteko tartea izango dute parte hartzaileek. Sari banaketa ekitaldia 17:30ean izango da.
Antolatzaileek horrela erabakita, marmitakoa egiteko honako osagaiak bakarrik erabili ahalko dira: tipula, piper txorizeroa, piper berdea, patata, atuna eta fume-a.