Bermeotarrak XX. mendean, Anton Ormazaren sasoia 1922-2010 izeneko erakusketa bisitatzeko aukera eskaintzen du Bermeoko Arrantzaleen Museoak irailaren 22a bitartean. Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeon oso ezaguna izan zen Anton Ormazaren figuraren bidez, XX. mendeko Bermeoko bizitza erakutsi gura du erakusketa horren bitartez, hau da, Bermeoko arrantzaleen, horien familien eta beraien bizimodua ezagutaraztea du helburu.
Atzo egin zuten erakusketaren inaugurazioa eta hainbat izan ziren Arrantzaleen Museora hurbildu zirenak. Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura Saileko diputatua, EHUn Historia Garaikideko katedraduna eta erakusketaren arduraduna den Joseba Agirreazkuenaga, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalea, Karlos Garaikoetxea lehendakari ohia, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta baita Ormaza Larrozea familiako kideak. Horiez gain, Anton Ormaza ezagutu zuten hainbat herritar ere bertaratu ziren haren omenez ipinitako erakusketaren inaugurazio ekitaldira.
Anton Ormazak bere lanbidean, politikan eta kulturan egindako lana ikus daiteke erakusketan. Hori Ormaza Larrozea familiari esker egin ahal izan dutela aipatu zuen kultura diputatu Josune Ariztondok. Izan ere, “norberena den altxorra herriari eskaini gura izan dute”, azaldu zuen. Hala, familiaren dokumentu pribatuak, publiko bihurtu dituzte: “bizkaitarron eta euskaldunon ondare kulturala aberastea ez dela administrazio publikoen ardura erakutsi diguzue, baizik eta herritar guztiona”.
Anton Ormaza bermeotarra da erakusketaren ardatz nagusia. Hala ere, XX. mendeko Bermeoko eta Bizkaiko gizarteak zehatzago ezagutu daitezke erakusketa horren bitartez. Hainbat panel ikus daitezke erakusketan: Ormazaren familia, haren lanbidea, herriko elkarteekin egindako lana, politikarako zuen grina…dokumentuz eta argazkiz osatutako panelak dira. Bestalde, 1945ean Ormaza kontserbak egiteko erabili zituzten planoak be ikusgai ipini dituzte erakusketan, baita Ormazaren bulegoko altzairuak ere.
Erakusketaz gain, Joseba Agirreazkuenagak Ormazari buruz idatzitako liburua ere aurkeztu dute. Gainera, hiru hitzaldi antolatu dituzte. Guztiak 19:00etan izango dira Arrantzaleen Museoan:
- Gaur, uztailak 24:
– Euskal Abertzaletasun Jelkidearen esperientzia adoretsua: Anton Ormaza Unamuno (1922-2010). Hizlaria: Joseba Agirreazkuenaga.
– Bermeoko jeltzaleak Frankismoaren azken urteetan eta Trantsizio-garaian. Hizlaria: Mikel Aizpuru.
- Uztailak 29
– Bermiotarrak arrantzan: Arrantzarako itsasuntzien bilakaera eta arrantzaren bilakaera: De la tradicion a la modernidad. De las ‘Sogalinda’ al ‘Alakrana‘. Hizlariak: Juan Apraiz eta Aingeru Astui.
– Arrantzale familien eboluzioa Bermeon. Andraren ikuspuntutik azterturiko bi kasu. 1965-2010. Hizlaria: Miren Gabantxo
- Abuztuak 1
– Conservas Ormaza. Un ejemplo de empresa familiar en Bermeo. Hizlaria: Luis Javier Escudero.
– Euskararen aldeko ekimenak XX. mendean Bermeon. Hizlariak: Adolfo Arejita eta Edorta Jimenez.