Urdaibaiko Organoak, Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloak hamar urte beteko ditu aurten. Benantzio Bilbao ekimenaren sustatzaileak jakinarazi duenez, musika jardunaldiak “arrakastatsuak” izan dira orain arte, eta, aurten ere, hala gertatzea espero du. Nabarmendu duenez, kontzeru zikloak bertoko eta atzerriko herritarren harreta bereganatu du. Iaz, esaterako, 3.000 lagunetik gora bildu zituzten antolatzaileek.
Busturialdeko elizetako organoak erabiliz, bertoko kultura eta ondarea zabaldu gura dituzte antolatzaileek. Izan ere, “organoak gure ondare kulturalaren parte dira”. Hala, aberastasun kulturala lau haizetara zabaltzea da antolatzaileen helburua, eskualdea erakargarriago bihurtzeko.
Hamargarren urteurrena ospatzeko Bilbaok egitarau aberasgarri eta erakargarria prestatu du. Hortaz, kalitatezko musikagaz gozatzeko aukera izango dute organo kontzertuetara doazenek.
Iazko egitarauagaz alderatuz gero, aurten hiru kontzertu gehiago izango dira bertoko elizetan; guztira, bederatzi. Gainera, horietako zenbaitetan organo doinuei laguntzen beste musikari batzuk be parte hartuko dute. Arratzuko Santo Tomas elizan, esaterako, serpentoi, tuba, tronpa eta tronboi doinuak ere entzungo dituzte musika zaleek.
Egitaraua
Uztailak 25: Bermeoko San Frantzisko elizan, 20:45ean. Javier Artigas (Organoa) eta Benantzio Bilbao (Organoa).
Uztailak 27: Busturiko Andra Mari elizan, 20:00etan. Ainhoa Barredo (Organoa) eta Nuria Orbea (Sopranoa).
Uztailak 28: Lumoko San Pedro elizan, 20:00etan. Miriam Cepeda (Organoa) eta Luis Alberto Requejo (Klarinetea).
Uztailak 31: Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, 20:00etan. Nicolo Sari italiarra (Organoa).
Abuztuak 3: Arratzuko Santo Tomas elizan, 20:00etan. Bernado Cifres (Tronpa), Oscar Abella (Tuba, eta serpentoia), Alberto Urretxo (Tonboia) eta Benantzio Bilbao (Armonioa).
Abuztuak 4: Ibarrangeluko San Andres elizan, 20:30ean. Enrico Zanovello italiarra (Sopranoa).
Abuztuak 10: Gernika-Lumoko Mertzede konbentuan, 20:30ean. Esteban Elizondo (Organoa).
Abuztuak 14: Gautegiz Arteagako Andra Mari elizan, 20:30ean. Miguel Angel Garcia (Organoa).
Abuztuak 15: Mundakako Andra Mari elizan, 20:00etan. Stefano Pellini italiarra (Organoa)