Rinderreko langileek mobilizazioak egingo dituzte hurrengo egunetan. Gaur, 14:00etan, elkarretaratzea egin dute enpresa aurrean, hiru langileren kaleratzeak salatzeko. 55 urte inguruko hiru behargin kaleratu ditu enpresak, eta otsailean beste langile bat kaleratu zuen. Despidoen kontra, egunero elkarretaratzeak egingo dituztela jakinarazi dute beharginek, abuztuaren 2an oporrak hartu arte. Gasteizeko lantegian ere beste bi behargin kaleratu dituztela jakinarazi dute Foruko lantegiko beharginek, eta Arabako enpresan dagoeneko lau hilabete daramatzate mobilizazioekin.
Bihar prentsaurrekoa emongo dute, Rinder Industrial S.A. lantegiko beharginek bizi duten egoeraren berri emateko eta enpresaren jarrera salatzeko. Despidoak enpresa taldeak diru arazoak dituelako direla esan dute jabeek, baina langileek esan dutenez, Kolonbian lantegi berria ireki berri du enpresa taldeak.
Kaleratzeen kontrako helegitea ipiniko dute
Foruko Rinder Industrial S.A. lantegiko hiru emakumezko kaleratu berri dituzte, eta enpresaren erabaki horri helegitea ipiniko diotela jakinarazi dute. Gainera, aurten kaleratze gehiago egon daitezkeela esan diete enpresa jabeek beharginei.