Tax lease sistemaren inguruan Europako Batzordeak joan den astean hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztea erabaki du Espainiako Gobernuak. Jose Manuel Soria Industria ministroa ontzigintza sektoreko eragileekin bildu zen atzo, eta ondoren jakinarazi zuen erabakitakoa. Azaldu zuenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako; Asturiasko eta Galiziako gobernuekin; Pymar patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin batera aurkeztuko du helegitea, irailaren 28aren aurretik. Espainiako Gobernuak esan du argudioak “oso sendoak” direla.
Eusko Jaurlaritzak, ordea, arratsaldean ohar batean azaldu zuen ez duela helegitearen bidea hobesten, eta ez aurkezteko eskatu zion Industria Ministerioari, baldin eta ezin badu bermatu helegiteak diruaren itzulera geratuko duela. Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolak ere iritzi horretakoak direla esan zion Iñigo Urkullu lehendakariak Soriari.
Andres Zabala eta Floren Urrutia
ELKARRIZKETA AURRERAPENA: Andres Zabala eta Floren Urrutia (Muruetako ontziolako enpresa batzordeko kideak)
1943an abiarazi zuen bere jarduna Muruetako ontziolak. Atunontzietan espezializatuta badago ere, beste mota batzuetako ontziak ere egiten ditu. Inoiz 200 langile inguru izan ditu, baina gaur egun 100 langile dauzka enpresak. Bost ontzi egiteko enkargua dauka ontziolak, baina, epe luzera begira, etorkizuna “kolokan” ikusten dute Muruetako ontziolako enpresa batzordeko Andres Zabalak (Busturia, 1953) eta Floren Urrutiak (Bermeo, 1973).
Tax lease sistemaren auziaren arazoari beste bat gehitu behar zaiola diote: Urdaibaiko itsasadarraren mugak, ezin baitituzte sakonera handiko ontziak egin.
Zelan bizi izan dituzue azken asteak?
Andres Zabala: Txarto, ez baikenuen uste horrelako arazorik egongo zenik. Nahiz eta 2007tik 2011ra emandako laguntzak eskatzen dizkieten inbertsorei, itzuli beharrekoa asko da, eta arazoak hor darrai. Ez genuen espero zigorra horren gogorra izatea, leunagoa baizik. Frantziako ereduarekin jarraituko zutela uste genuen; hau da, aurrerantzean sistema hori debekatuta egongo dela esatea, baina ordura arteko dirurik itzuli behar ez izatea. 2005etik 2007rako tartean emandako laguntzak ez itzultzea erabaki duten arren, ontzi gehienak azken urte horietan egin dira.
Muruetako ontziolan egindako zenbat ontzi dira tarte horretakoak? Zenbatengan izango luke eragina ebazpenak?
Zabala: 14 edo 15 ontzi dira hemen egindakoak. Ontziolek, baina, ez dugu etekinik atera sistema horretatik, lana bermatu baino ez digu-eta egin.
Espainiako Gobernuak Tax lease sistemaren inguruan Europako Batzordeak joan den astean hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztea erabaki du. Zer deritzozue?
Floren Urrutia: Gure ustez, horrek ez digu onik egingo. Prozesua asko luzatuko du, eta erabakia hartu bitartean, inbertsoreek atzera egin dezakete.