Anton Ormaza 2006an, HITZAri emandako elkarrizketa batean
Ormaza familiak Bizkaiko Foru Aldundiari utzitako dokumentuetan oinarrituz, Anton Ormazak egindako lana eta Bermeoko XX. mendeko bizimodua ezagutzera ematea da erakusketaren helburua. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur egingo du
Bermeotarrak XX. mendean, Anton Ormazaren sasoia 1922-2010 izeneko erakusketaren inaugurazioa, 19:00etan.
Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura Saileko diputatua, EHUn Historia Garaikideko katedraduna eta erakusketaren arduraduna den Joseba Agirreazkuenaga, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalea eta Ormaza familiako kideak izango dira ekitaldian. Lagina irailaren 18ra arte egongo da Arrantzaleen Museoan ikusgai.
Anton Ormazaren ibilbidea
Ezaguna zen Anton Ormaza politikagintzan eta hezkuntzan egindako lana dela-eta. Eusko Alderdi Jeltzalean egin zituen hastapenak. Trantsizio garaian EAJko Bizkai Buru Batzarreko buruzagia izan zen. Alderdiaren baitan, ordea, iritzi desberdinak sortu ziren eta Bermeoko Aberkideak sortu zuen. EAJtik bota egin zuten Ormaza, bera eta “Bermeoko guztiak”, bermeotarrak berak elkarrizketa batean adierazi zuenez.
Eusko Alkartasuna sortu zutenean alderdi horregaz egin zuen bat, eta bertako afiliatu eta militante izan zen 2010eko urrian hil zenera arte.
Anton Ormaza abertzaleen arteko elkarlanaren alde agertu izan zen behin baino gehiagotan eta azken agurra eman ziotenean agerian geratu zen batzuekin eta besteekin izan zuen harremana.
Hezkuntzan ere esanguratsua izan zen. Izan ere, Jon Gofinondo ikastolako lehenengo presidenteagaz batera aritu zen Bermeoko Eleizalde Tar Luis ikastolaren sorreran beharrean.
Busturialdeko HITZAk 2006ko abenduan Ormazari egindako elkarrizketa,
PDFan