Urdaibaikoak Orioko kanpina banderaren momentu baten
Asteburuko bi estropadak jokatuta, liderrarengandik hiru puntura jarraitzen du Urdaibaik. Bermeotarrak bandera bat irabazteko helburuagaz ureratu ziren asteburuan, baina sari barik geratu ziren barriro be. Hain zuzen, laugarren sailkatu ziren Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) estropadan, eta bigarren Orioko estropadan.
Emaitzok lortuta, bertoko arraunlariek sailkapen nagusiko hirugarren postuan jarraitzen dute. Orio lider barria eta Kaiku bigarren sailkatua hiru puntura dauzkate Urdaibaikoek. Hala, banderarik irabazi barik jarraitu arren, liga irabazteko borrokan sartuta jarraitzen dute bermeotarrek.
KAE 1 mailan, bestalde, Busturialdea hamargarren sailkatu zen, Orioko Bixigu Eguna estropadan. Hala, jaitsiera postuetatik ihes egiten jarraitzen dute elantxobetarrek. Hain zuzen, bertokoek zazpi puntuko aldea dute Camargo azken sailkatuarekiko. Orio B azkenaurreko sailkatuari, bestalde, sei puntu ateratzen dizkio Busturialdeak. Ligako azken sailkatua zuzenean jeitsiko da KAE 2 mailara, eta azkenaurrekoak play-offa jokatuko du.
Bertoko arraun taldeekin amaitzeko, Mundaka seigarren postuan sailkatu zen KAE 2 mailako Errenteriako Hiria banderan (Pasaia; Gipuzkoa). Hala, sailkapen orokorreko seigarren postuan jarraitzen dute bertokoek, 26 puntugaz. Arkote bosgarren sailkatua hiru puntura daukate mundakarrek, eta Deusto laugarren sailkatua, bestalde, lau puntura.