Behin landatutakoak emon du bere fruitua: urte beteko lan «gogorraren» ostean, Bedaru Ie eta Natxituko Gazte Eguna ate joka dabil. Beste behin be, ekintzaz beterik dator jaialdia abuztuaren 2an, Natxitura: «haziz beteta, zerbait ederra loratzeko asmoz».
Urte bete igaro da Eako herritarrak udalerriko hiru auzoei itxura emoteko asmoz elkartu zirenetik; elkarketa horren ondorio
z sortu zen 2012ko Bedaru Ie eta Natxituko Gazte Eguna. Hortik etorri zen, gainera, herri mailako Kirikiñauzi Gazte Asanblada. Herriko gazteentzat ekimen barrien sorleku izan nahi duen asanblada sortu gura zuten; alegia, «azpian geldirik dauden lurrak mugiarazi nahi dituena, herria fruitu zaporetsu eta koloretsuz betetzeko, bizitzeko».
Tortilla txapelketagaz hasiko dute eguna gazteek, abuztuaren 2an, eta, ohitura jarraituz, musika izangon da, jaialdia itxiko duena. Dena den, bitartean, aspertzeko betarik ez du izango egun horretan Natxitura bertaratzen denak; izan be, bazkalosteko kantaldia, sorpresa eta arratsalderako kontzertuak antolatuta dituzte, besteak beste. Bazkaldu, barriz, elkarregaz egingo dute Natxituko frontoian; izan be, Gazte Egunaren helburua «eskualdeko gazteak elkar ezagutzea» da.
Aurten, kanpalekua
Aurton, gainera, barritasun bategaz dator Bedaru, Ie eta Natxituko Gazte Eguna. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaitik etxera buelta egiteko autobusa izango da, baina, horregaz gain, aurten, kanpalekuan geratzeko aukera be izango du interesa duenak.
«Borroka eta jaia uztartzeko eguna» izango da abuztuaren 2a Natxituan, eta, horretarako, «guztiontzako espazio seguru eta gozamen iturri» izan beharko du. Hala, azken hilabeteetako festetan gertatutako emakumeenganako erasoek ez dutela egun horretan lekurik izango argi utzi du antolatzaile taldeak.
Egitaraua
Abuztuak 2
12:00etan. Tortilla txapelketaren hasiera.
14:30ean. Tortillen aurkezpena eta harrera ekitaldia.
15:00etan. Bazkaria frontoian.
16:30ean. Bazkalosteko kantaldia.
17:30ean. Sorpresa.
19:00etan. Arratsaldeko kontzertuak: Primeros Auxilios, Puzker Punk, PPB.
23:00ean. Gaueko kontzertuak: Riot Propaganda (Los Chicos del Maiz eta Habeas Corpus), Skakettan, McOnak; ostean, Trikizio taldeagaz erromeria.