Ikasketez, lanaz eta etxebizitzaz kezkatuta daude Bermeoko gazteak
12 eta 35 urte bitarteko gazteen errealitatea ezagutu gura du Bermeoko Udalak. Horretarako, diagnostiko bat lantzen ari da 2012ko urte amaieran sortu zen Gazteria saila. Lehenik eta behin, informazio bilketa eta elkarrizketak egin dituzte eta hortik aterato lehen ondorioen arabera, ikasketengatik, lanagatik eta etxebizitzagatik kezkatuta daude Bermeoko gazteak.
Diagnostikoa egiteko herriko gazteak adin tarteka banatu dituzte. Gazteenak (12-18) ikasketetaz arduratuta daude, «ikasketak aukeratzerako orduan presioa sentitzen omen dute askok». 18 urtetik 24ra bitartekoen kasuan, bestalde, kexka nagusia lana da, «edozein baldintzatan lan egiteko prest egon behar direla» uste dute. Azkenik, 25 eta 35 urte bitartekoek, emantzipaziorako eta sexualitatea definitzeko zailtasunak aipatzen dituzte.
Gazteen parte hartzearekin lantzen ari dira dignostikoa, eta herriko gazteriaren informazioa bildu ostean, elkarrizketak egin dituztela adierazi dute. Adin tarte desbardinetako sei gazterekin bildu dira eta bederetzi eragilerekin, horien artean, orientatzaileak, kirol entrenatzaileak, Gaztelekuko hezitzaileak, kale hezitzaileak eta gurasoak.
Hurrengo pausoa, barriz, talde eragile bat sortzea izango dela azaldu dute, hau da, prozesuaren «motorra» izango dena. Horiek diagnostikoaren berrikuspena, jarraipena eta balorazioa egingo dute. Gainera, ikuspegi eta pentsamolde desbardinetako gazteek sentitzen dituzten beharrak prozesuaren diseinuan txertatuko dituzte. Horretarako, baina, gazteak erakarri gura dituzte, beraien ekarpenak «garrantzitsuak» direlako prozesu horretarako. Horregatik, Gazteria sailak Tiretu eistazu minetik! kanpaina abiarazi du. Gorka Pertika gazteak egin du kanpainaren diseinua eta herriko jai egunak aprobetxatuko dituzte gazteengana heltzeko.
Prozesuak irailean jarraituko du; eztabaida tailerrak abiaraziko dituzte orduan.