![pnga_erakutsi-1.pl](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/07/pnga_erakutsi-1.pl_7-300x200.jpeg)
Joan den asteburuko bi estropadetan bigarren sailkatuta, Urdaibaikoek liderrarengandik hiru puntura jartzea lortu zuten. Asteburua, baina, gazi-gozoa izan zen, gutxigatik egin baitzien ihes garaipenak bermeotarrei. Hala, zapatuko eta domekako estropadetan garaipenaren olatua hartu gura du Urdaibaik. Kaikuk barriro hutseginez gero, gainera, lidertzara bueltatzeko aukera izango luke bertoko taldeak. Orio be, bermeotarren egoera bardinean dago.
Zapatuan, San Migel Ligako arraun taldeek Pasai Donibanen (Gipuzkoa) lehiatuko dute Iberdrola bandera. 18:00etan hasiko da lehia. Domekan, barriz, Orioko Kanpina Banderan (Orio; Gipuzkoa) izango dira TKE ligako taldeak. 12:00etan hasiko da estropada.
KAE 1 mailako taldeek be Orion batuko dira, Bixigu Eguna bandera lehiatzeko. Zapatuan ureratuko dira, 12:00etan. Elantxobetarrak hamargarren sailkatuak dira 14 puntugaz. Liga nahiko txarto hasi arren, elantxobetarrak azken bi postuetatik gero eta urrunago daude. Hala, goranzko joeragaz jarraitzeko asmoa izango dute.
KAE2 mailan, bestalde, Mundakak Errenteria Hiria bandera lehiatuko du, Pasaian (Gipuzkoa). Mundakarrek, denboraldi hasierako estropadarik hoberena egin zuten joan den asteburuan, hirugarren sailkatuta. Hala, emaitza onari jarraipena emoten ahaleginduko dira bertokoak. Domekan izango da estropada, 11:30ean.