Artxiboko irudian, fusilatutako busturiarrei omenaldia
Aurten beteko dira 76 urte frankistek Andres Zearreta, Doroteo Kaltzada, Demetrio Lekunberri, Florentzio Bilbao, Roman Zearreta, Santiago Gondra, Angel Lekuona eta Hipolito Alvarez fusilatuta hil zituztenetik. Urtero legez, aipatutako zortzi lagun horiek eta 36ko gerran hildako busturiar guztiak omentzeko ekitaldia egingo dute aurten be Ahaztuak 1936-77 elkarteak eta Busturiko Udalak. Ekitaldiaren aurkezpena gaur egingo du udalak, 19:00etan, udaletxeko aretoan.
Oroimen Historikoa arloko zinegotziak jakinarazi duenez, herritarrei eta, bereziki, fusilatutakoen senideei udalaren proposamena aurkeztea da hitzorduaren helburua. Halaber, abuztuan egingo dituzten ekitaldiez gain, oroimen historikoaren inguruko bekaren barri emango du udalak.
Busturiko hamabi bizilagun auzipetu zituzten duela 76 urte, “iraultzarekin bat egitea” leporatuta. Euretako zortziri heriotza zigorra ezarri zieten, nahiz eta gerora biri barkatu egin zieten zigor hori. Andres Zearreta Urrutia eta Doroteo Kaltzada Ispizua zinegotziak, eta Demetrio Lekunberri Intxaurraga, Florentzio Bilbao, Roman Zearreta Urrutia eta Hipolito Alvarez 1937ko abuztuaren 5eko 05:00etan fusilatu zituzten, Derioko hilerrian. Exekutatu orduko, Feliciano Zenarruzabeitia zinegotzia biriketako minak jota hil zen San Cristobal fortean (Iruñea) preso zegoela. Heriotza zigorra ezarrita zeukaten Carlota Urrutxua Urizarri eta Jesusa Urrutxua Urizarri biziarteko kartzela zigorra ezarri zieten azkenean.
Aipatutakoak ez ziren izan, ordea, faxismoak eraildako busturiar bakarrak. Esaterako, 1936ko irailaren 26an Santiago Gondra Zigorraga fusilatu zuten, Ferrolen. Gerora, Flossembürg-eko deuseztatze esparruan hil zen Angel Lekuona Beitia, nazien kontrako borrokan aritutako Gernika batailoian aritzeagatik preso hartu ondoren. Horiez gain, hainbat izan ziren borrokan zirela hildakoak eta desagertutakoak, gutxienez bat hil zen Gernikako bonbardaketan, beste hiru lehergailuen ondorioz…