Ekainean zerbitzuak gehitu zituenetik Gernikaldea zentroak 3.000 kontsultatik gora egin ditu
Gernikaldea Bereizmen Handiko Zentroak Lea-Artibaiko eta Busturialdeko herritrarrei osasun-zerbitzuak eskaintzen dizkie. 2012ko abenduan hasi zen zenbait zerbitzu eskaintzen, halanda be, ekainean gehitu egin zituzten zerbitzuak. Zerbitzu horiek martxan ipini zituztenetik, 3.161 kontsulta egin dituzte eta 2.240 proba. Zerbitzu gehitzea, zentroa “hobetzeko” fasearen barruan dagoela diote Osakidetzatik, eta “pixkanaka” zerbitzu gehiago gehitzen joango direla gaineratu dute. Gernika-Lumoko ospitalearen aldeko taldeetako kide Camino Saizen arabera, “oraindik be ez dakigu noraino iritsiko den zentroa”. Gorabehera asko izan dituen zentroa dela uste du, “lehenengo ohekin egitea aurreikusi zuten, gero ezetz. Hemodialisia be aurreikusi zuten ondoren horri be ezetz esateko. Hortaz, irregulartasunez beteta dagoen zentroa da Gernikakoa”.
Ekainaren 10ean, hain zuzen be, honako zerbitzuak abiarazi zituzten: etxez etxeko ospitalizazioa eta neurologia. Bestalde, oftalmologiako eta erradiodiagnostikoko proba barriak egiten be hasi ziren (ordenagailu bidezko tomografia axiala -OTA- eta mamografiak). Ekainetik aurrera, gainera, bere eragin eremuan diharduten Osakidetzako beste erakunde batzuen zerbitzuak eta prestazioak be hartzen ditu zentroak: Asistentzia Psikiatrikoa eta Osasun Mentala, Gernika-Lumon emoten den errehabilitazio-zerbitzua eta Gernikako Zaintza Intentsiboko Unitate mugikorreko Larrialdi Unitatearen basea.
Zerbitzu barriei esker, Gernikaldea zentroak kontsulta eta bereizmen handiko proba “asko” egin ahal izan dituela azaldu dute. Modu horretan, 3.161 kontsulta baino gehiago egin dira, gehienak, traumatologiakoak (747).
Saizen esanetan, “kontsultekin lekualdatze bat baino ez dute egin, barriak neurologia eta etxez etxeko ospitalizazioa baino ez dira. Azken zerbitzu hori izan dugun azkeneko eskualdea izan garela aipatzekoa da, gainera”.
Probei dagokienez, 2.240 egin direla zehaztu dute, 1.737 erradiodiagnostikokoak izan direlarik (Xizpietako 1.326 eta 292 ekografia). Zornotzan eta Durangon ekografiak egiteko egoten diren itxaron zerrendak arindu asmoz, herri horietako biztanleei be hitzorduak emoten ari dira Gernikako zentroan.
Bestalde, Osakidetzak emondako datuen arabera, Gernikaldea zentroko Detekzio Unitateak, Osasun Sailaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren (BMGDP) bitartez, mamografia egiteko hitzordua emon die 660 emakumeri, eta horietatik 481 joan dira. Horiek, baina, Osasun Sailaren programaren baitan, 50 urtetik gora dituzten emakumeei zuzendutako probak direla dio Saizek, “ez dira mamografiak eskariz egiten, baina etorkizunean egitea espero dugu”.
14 pazientek jaso dute etxez etxeko ospitalizazioaren zerbitzua
Ekainean abiarazi zuten etxez etxeko ospitalizazio zerbitzuak eskainitako datuak “interesgarriak” direla adierazi dute Osakidetzatik. Horri esker, 14 pazientek ospitale-arrete espezializatua jaso ahal izan dute beraien etxeetan. Horien batez besteko egonaldia 12 egunekoa izan dela diote, eta 180 bisita inguru izan dira egin dituztenak. Bisita gehienak Gernika-Lumora, Bermeora, Muxikara, Ereñora, Munitibarrera eta Mundekara egin dituzte.
Gernika-Lumoko ospitalearean aldeko taldeek ez dakite zentroa noraino iritsiko den. Zerbitzu gehitzearen hurrenfo faseari urrian ekingo diote, larrialdi-zerbitzua martxan hasiko da orduan. “Larrialdi zerbitzu batek ondo funtzionatzeko espezialistak behar ditu, eta espezialistak izateko oheak behar ditu. Momentuz, oheak ez dira aurreikusten, beraz, ez dakigu zein motatako larrialdi zerbitzua izango den”, dio Saizek.
Hirugarren fasean hasiko lirateke martxan ebakuntza-gelak, 2014ko apirilerako aurreikusten dira. Saizen esanetan, “abiarazten dituzten zerbitzu guztiak onak dira. Joan-etorri asko saihestuko ditu osotasunean martxan jartzen dutenean”. Halanda be, oraindik “zalantza asko” dituztela aipatzen du: “momentura arte zerbitzuei dagokienez gutxi izan dira barritasunak, gutxi-gutxika doaz”.