EBren erabakiaren aurka protesta egingo dute gaur Sestaon ontzioletako langileek
Sindikatuek kontzentrazio “masiboa” egiteko deia zabaldu dute gaurko, Sestaoko Kasko plazan, 20:00etan. Atzo, Europako Batzordeak Espainiari agindu zion inbertsoreek ordainarazteko 2007tik 2011ra bitartean tax lease sistemaren bidez ordaindu ez zituzten zergak, eta erabaki horren kontra egingo dute gaur protesta. Horretan, ontziolak defendatu gura duten herritar guztiak bildu gura dituzte.
Gaur jakinarazi du Pymar Espainiako ontziola pribatuen patronalaren presidente Alvaro Platerok 200 ontzi inguru direla kaltetuak Bruselak hartutako erabakiaren ondorioz. Espainiako Gobernuarenganako konfiantza dutela aipatu du Platerok: “espediente honek dagoeneko egin digun kaltea leuntzen saiatuko direlakoan gagoz”. Azken bi urteetan ontziolek 50 ontzi barri eraikitzeko kontratuak galdu dituztela azaldu du (2.000 milioi euroko balioarekin).
Plateroren iritziz, nahiz eta EBren ebazpenak ontziolak eta ontzijabeak salbuetsi dituzten, “inbertsoreak ez dira geldik geratuko eta ontziolei eta ontzijabeei eskatuko diete dirua”. “Ontzi asko dira inplikatuta daudenak eta Espainiako Gobernuak banaka egin beharko ditu analisiak”, azaldu du Platerok. Espedientea “ahalik eta arinen” zarratzea espero du Platerok, “inbertsoreak 2012tik onartuta dagoen tax lease sistema barrian parte hartzera animatu daitezen”; izan be, haren esanetan 40 ontzi barri egiteko eskaerak negoziatzen ari dira.
Eusko Jaurlaritzak ez zuen ebazpen hori espero
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasun sailburuak, atzo Bruselak hartutako erabakiari buruz mintzatu da gaur. Eusko Jaurlaritzak beste erabaki bat espero zuela aitortu du, uste baitu badagoela nahikoa “argudio juridiko” erabakia bestelakoa izateko.
Tapiak, bestalde, lana orain, Cristobal Montoro Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun ministroari dagokiola aipatu du: “argi zehaztu beharko du tax lease sistema bidezko laguntzei esker eraiki ziren 273 ontziak eta zaila izango da. Inbertsoreak nortzuk izan ziren zehaztu beharko du baita be, zenbaterako onura izan zuten eta zelan egin beharko duten itzultzea”. Era berean, itzuli beharreko laguntzen kopurua “ontzigintza sektorearen garapenerako plan estrategiko baterako erabiltzea” eskatu du, baita “lan egin ahalko den sektore eta merkatu barriak” aurkitzeko be.
Euskal Herriko ontziolek “asko sufritu” dutela esan du Tapiak, baina “berregituratu egin dira, lan egin dute eta momentu honetan etorkizuna dute eta etorkizun hori errealitate izateko lan egin behar dugu”.