Etxerateko kideak, deialdia egiten
Euren senide eta lagunak etxetik urrun daudelako, salbuespeneko espetxe politika bat pairatzen ari direlako, haiek bisitatzeak kostu ekonomiko handia dakarrelako, hainbat kilometro egiteak arriskua suposatzen duelako, eskubide urraketa argia delako… Horiek eta beste hainbat arrazoi eman ditu Etxeratek herritarrei datorren domekarako antolatutako giza-kateetan parte hartzeko deia egiterakoan.
Euskal Herriko lau hondartza aukeratu ditu elkarteak udara begirako mobilizazio horretarako, eta Laida hondartza da hautatuetako bat. Hortaz, 12:00etan egin du hitzordua Ibarrangeluko hareatzan, eta zapiak eta ikurrak eroateko eskatu. Hondartzan daudenei bizi duten errealitatearen berri emateko eta arazoa gizarteratzeko baliatuko dute mobilizazioa.
Izan ere, euren egoera ez dela samurra azaldu dute. «Gure hurkoekin komunikatzeko dugun eskubidea guztiz urratzen zaigu. Egun, 599 preso politiko daude, 79 espetxetan sakabanatuta; kopuru handiena 800-900 kilometrora. Ondorioz, 1.300 kilometro inguru egin behar izaten dugu astebururo. Horrek hainbat ondorio eragiten dizkigu».
Horrek guztiak «fisikoki nahiz psikologikoki izugarrizko ondorioak» dauzkala nabarmendu du elkarteak, eta horri bidaia hain luzeak egiteak dakarren kostu ekonomikoa gehitu behar zaiola azaldu. «Astebururo egin beharreko bidaiek, bataz beste, 377,94 euroko kostua sortzen dute, urtean 19.653 euroko gastua izanik familia bakoitzarentzat». Halanda be, sakabanaketaren «ondoriorik lazgarriena heriotzarena» dela dio Etxeratek. Izan ere, dagoeneko hamasei senide eta lagun hil dira presoak bisitatzera joatean edo itzultzean.
Zigor gehitua
Azkenik, Espetxe Erakundeetako idazkari nagusi Angel Yustek egindako adierazpenak gogor kritikatu ditu elkarteak, sakabanaketa «senide eta lagunen ardura» dela esan baitzuen. «Ezarri egiten zaigun behar bat da, obligazio bat, gure bizitzak arriskuan jartzera behartzen gaituena. Eta sakabanaketa justifikatzen dutenek edo horren aurrean geldi daudenek senide eta lagunoi ezartzen diguten zigor lazgarriarekin bat egiten dute, gure eskubideak guztiz zapalduz.
Hori guztia kontuan hartuta, etziko protesta parte hartzailea izango dela aurreikusten du elkarteak, baina udara begirako mobilizazio bakarra ez dela izango azaldu du. Izan ere, uztailaren 27an Euskal presoak eta iheslariak etxera lelodun ikurren zabalkundea egingo du elkarteak, herri edo eskualdeetako txokoak ikur horiekin jantziz. Horrez gain, abuztuaren 1ean Azpeitiko Loiolako santutegiaren ondoan elkarretaratzera deitu du Etxeratek.
Udako mobilizazioen egutegia:
- Uztailak 21, etzi. Plentzian, Zarautzen, Donostian, Hendaian eta Ibarrangelun egingo ditu giza-kateak, 12:00etan.
- Uztailak 27. Euskal preso eta iheslariak etxera lelodun ikurren zabalkundea.
- Abuztuak 1. Elkarretaratzea Azpeitiko Loiolako santutegiaren ondoan, 10:30ean.